Realak eta Txuri Urdinek irabazi dute Gipuzkoa Kirol Saria
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatutako Kirolgala ospatu zuten atzo Tabakaleran, eta han izan ziren Gipuzkoako kirol munduko 250 gonbidatu baino gehiago. Aurten, emakumezkoen futboleko Realak eta gizonezkoen izotz hockeyko Txuri Urdinek jaso dute Gipuzkoa Kirol Saria. Galan banatu zituzten sarien helburua da “kirol esparruan, maila guztietan, egindako merituak aitortzea”.
Emakumezkoen Realak, Erreginaren Kopako txapeldunak, Gipuzkoa Kirola Saria jaso zuen Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuaren eskutik. Itxasok adierazi zuen Garbiñe Etxeberriak, Kirol zuzendariak, lan bikaina egin duela taldea egituratzen. Neskek “historia egin dute” aurten emakumezkoen futbolerako lehen titulua eskuratuz. “Bereziki pozten nau emakumezkoen Reala izateak aurtengo irabazleetako bat, gizarte honek berdintasunean aurrera egin duen lan handiaren isla delako, nahiz eta oraindik asko dugun egiteko”, gaineratu zuen diputatuak.
Izotz hockeyko Txuri Urdineko mutilen lana ere aitortu zuen Gipuzkoako Aldundiak. Aurten, hirugarren aldiz jarraian, ligako titulua eskuratzea lortu dute. Izotz hockeyko taldeak ligako 16 titulu lortu ditu, eta titulu gehien dituen talde gipuzkoarra da.
Itxasok bere poza azaldu zuen Gipuzkoako kirolaren “maila bikainarengatik”, eta, batez ere, klubak osatzen dituzten pertsonek eta kirolariek, orokorrean, “erakusten duten konpromiso maila handiarengatik”. “Gipuzkoako kirolaren potentzial izugarria” nabarmendu zuen, “duen arrakastengatik eta transmititzen dituen balioengatik harrotasun iturri” delako.
Era berean, aurten bereizi diren emakume kirolarien kopuru handia azpimarratu du: “Egunetik egunera gehiago dira kirola egiten duten emakumeak, eta asko dira gorenera iristen direnak. Gure helburua da kirolean sartzeko orduan eta zaletasun edo lanbide gisa kirol-jarduera bat mantentzen jarraitzeko orduan aukera-berdintasuna erabatekoa izatea, baina horretaz gain, gure konpromisoa da emakume kirolariek orain dutena baino askoz ikusgarritasun handiagoa izatea”.