Baserritar jantziak berrerabiltzeko atari bat sortu dute
Gero Axular kultur taldeak jardueraz josita du abenduko agenda. Baserritar Jantzien III. Lehiaketaz gain, bi berrikuntza aurkeztu dituzte: ‘Harrotasunez, ez harrokeriaz’ liburua, eta baserritar jantzien berrerabilpena sustatzeko plataforma digitala.
Gero Axular kultur taldeak dantza talde gisa hasi zuen bere ibilbidea. Gaur egun, aldiz, hori baino gehiago da. 2017. urtean «Donostiako San Tomas eguneko egoera orokorra» aztertuta, aurrerapauso bat eman nahi izan zuten euskal jantzi tradizionalaren kultura ezagutzera emateko. Hain zuzen, Baserritar Jantzien I. Lehiaketa antolatu zuten, eta aurten, hirugarrenez egingo dute txapelketa, abenduaren 21ean, Bulebarreko kioskoan, 11:30ean.
Lehiaketaren arrakastari helduta, taldeak #dotorejantzi egitasmoa abiatzeko erabakia hartu zuen, eta herritarrei baserritarrez janzteko aholkuak eta ikastaroak eskaintzen hasi ziren. Aurtengo Gabonetan ere baserritar jantzien inguruko zalantzak argituko dituzte, buruko zapia jartzen eta abarkak zein alpargatak lotzen erakusteko saio bat egingo dute abenduaren 24an, Olentzeroren desfilearen aurretik; udaletxeko terrazan izango da, 16:00etan.
Gero Axularrekoak indartsu eta gogotsu daude egitasmoarekin, eta horren erakusle dira aurkeztu berri dituzten bi proiektuak: Harrotasunez, ez harrokeriaz liburua eta Dotoretruk, bigarren eskuko baserritar jantziak eta osagarriak online erosteko eta saltzeko ataria. Liburuak «jantzi tradizionalaren inguruko ezagutza maila handitzea» du helburu, eta honakoa esan dute kultur taldekoek izenburuari buruz: «Transmititu nahi dugu baserritarrez janztea ez dela mozorrotzea, gure arbasoak gogora ekartzeko modua baizik». Liburua dagoeneko salgai dago Elkar liburu dendetan.
Azoka digitala
Baserritar jantziari «merezi duen balioa» emateko asmoz, teknologia berriak baliatu dituzte Dotoretruk proiektuan. Bigarren eskuko baserritar jantziak eta osagarriak online erosi eta saltzeko atari digitala sortu dute Gero Axularrekoek: Dotoretruk. «Gure arbasoek arropak berrerabiltzeko zuten ohituran» oinarritu dira egitasmoa sortzeko; «baliabide gutxi zutenez, arropa guztiak konpondu eta berrerabiltzen zituzten», azaldu dute taldekoek. Hain zuzen, ingurumenaren jasangarritasuna eta berrerabilpena sustatzea dira helburu nagusiak.
Plataforma erabilgarri dago dagoeneko, Gero Axularren webgunean. Erabiltzaileek kontu bat sortu beharko dute plataforman, eta, ondoren, «behar ez dituzten» produktuen argazkiak igo ahalko dituzte, deskribapen labur batekin. Horrela, interesa dutenek jantzi eta osagarriak bilatuko dituzte, eta saltzailearekin harremanetan jarriko dira zuzenean. «Oso plataforma erabilgarria da», gaineratu dute.