"'Euskal' izateagatik ez daukagu kuotarik Zinemaldian, beraz, edo filmak onak dira edo ez dira sartzen"
'Apaiz-kartzela' dokumentala aurkezten ari da Ritxi Lizartza (Añorga, 1965) ekoizlea Durangoko Azokan, eta hainbat lan egin ditu euskalgintzaren inguruan.
Zergatik aukeratu duzu Aratz?
Aratzera etorrita, hemengo bezero gehienen moduan, jabeen laguna egiten zara. Asko estimatzen ditugu, harreman pertsonala dugu, eta oso gustuko dut leku hau.
Añorgakoa zara berez, ezta?
Bai, baina bulegoa hemen daukagu, Portuetxen. Datorren astean, esaterako, enpresa bazkaria hemen egingo dugu.
Hainbat proiektu kudeatzen dituzue bulegon horretan, ezta?
Bulego bikoitza daukagu hemen. Alde batetik, itzulpengintzara dedikatzen gara. Beste bulegoan askotariko proiektuak egiten ditugu, Mintzanet proiektua kudeatzen dugu, esaterako. Horren bitartez, jendeari aukera ematen diogu euskara Internet bidez praktikatzeko.
Era berean, zinemaren arlora etorrita, Zinea.eus ataria kudeatzen dugu. Gai bakarreko komunikabidea da, zinemari buruz eta euskaraz. Hau da, Oscar sariak baldin badaude, ez dugu uste inor gure webgunera etorriko denik horren berri izatera. Gure helburua da edukiak sortzea, euskarazko sortzaile gazteak bultzatuz. Euskal Herrian badago zinemaren inguruko sorkuntza arlo oso landu bat, eta hori guztia jasotzen saiatzen gara.
Nondik ibiltzen zara normalean?
Nire joera Parte Zaharrekoa izan da beti. Egia da, Donostia aldatzen ari den neurrian, gero eta erakargarritasun gutxiago daukala Parte Zaharrak guretzat. Asko gustatuko litzaidake han betiko lagunak topatzea, baina gero eta gutxiago topatzen ditugu. Donostiako periferian ari dira sortzen donostiarrentzako babeslekuak, gure giroari eusten diotenak. Orain Parte Zaharrera joaten gara eta han ez dugu inor topatzen, atzerritarrak, turistak eta frikiak baino ez. Tabernak berak ere aldatzen ari dira, eta arrotz bihurtzen ari zaigu hamabost urtez gure irteera lekua izan den hori.
Zinemara itzuliz, Ganbara atariaren sortzailea ere bazara, ezta?
Edozein pertsonari esaten badiozu euskarazko bost pelikulako zerrenda bat egiteko, gaur egun agian iritsiko da, Handia, Loreak, Amama eta horrelako azken film arrakastatsuekin, baina hamar esateko zailtasunak izango ditu. Gure helburua da guztia katalogatuta izatea, euskal zinemarik badagoela erakustea eta azaltzea badagoela industria bat hortik bizi dena eta gero eta zabalagoa dena.
Horren harira, uste dut Tabakalerak, Zinemaldiak, Filmategiak eta zinemaren inguruan jarduten diren erakunde horiek sortzaile gazteei babesa ematen dietela. Horrek ekartzen du erakutsi behar den zinema bat egotea, eta orain arte lortu dugu euskarazko 700 titulu izatea. Pelikula bakoitzaren inguruan sortu den informazio guztia jartzen dugu, eta gure balio erantsia da pelikula guztien gidoi digitalizatua jarri nahi dugula, jendeak zinema ikusteaz gain, irakurri ahal izateko. Beti esaten dut gidoia dela nobela baten eta komiki baten arteko irakurketa bat: ordubetekoa, oso atsegina eta oso azkarra. Bakoitzak bere buruan irudikatuko du pelikula, nobela batean bezala.
Nola ikusten duzu azken urteetan euskal zineman eman den loraldia?
Teknologiaren demokratizazioak ekarri du pelikula bat edonork egin ahal izatea. Baina pelikula bat egiteko irizpidea eduki behar da, eta uste dut Euskal Herrian, eta bereziki Donostian, asko garatzen ari dela zinemagintzarako joera eta sorkuntza. Zinemaren inguruko mikroklima bat dago gurean, eta Moriarti eta Txintxuaren moduko ekoiztetxeen ibilbidea itsasargi bat da, ikusteko Zinemaldiako Sail Ofizialean, A klaseko jaialdi batean, hemen egindako zinemarentzat lekua ere badagoela.
Guk badaukagu gure ekoiztetxea, Maluta Films, momentu honetan dokumentalak egiten ari dena. Nire ustez, dokumentalgintzan badago zer kontaturik. Orain Apaiz-kartzela egin dugu, munduan izan den apaiz-kartzela bakarraren inguruan, Zamorakoa. Uste dugu dokumentalekin badagoela aukera kontatu gabe dauden hainbat istorio kontatzeko.
Gero eta emakume gehiago dabiltza zinemagintzan, ezta?
Aukera ona da emakumeek zineman egiten duten lana bisualizatzeko eta emakumeen zinema kuota ez izateko, besteekin lehiatu daitekeen zinema baizik. Zinemaren inguruan sortu den bultzadak lortu du sorkuntza demokratizatzea, pentsatu gabe emakumea edo gizona den. Uste dut badaudela oso gizon onak sorkuntzan, baita emakume bikainak ere, maila berekoak, datozen urteetan sorpresak emango dizkigutenak.
La trinchera infinita eta Ventajas de viajar en tren filmek Goya sarietan hainbat izendapen lortu dituzte.
Ez dugu erdaraz sortu behar izan inori demostratzeko hemengo zinemagintza atzerrikoarekin lehiatu daitekeela. Uste dut azken urteetan beti Zinemaldiko Sail Ofizialean hemengo pelikula bat egotea badela hemengo zinemagintza bermatzeko modukoa. Izan ere, ‘euskal’ izateagatik ez daukagu kuotarik Zinemaldian, beraz, edo onak dira, edo ez dira sartzen. Erakutsi dugu euskaraz eginda benetako kalitatea dugula, eta La trinchera infinita eta Ventajas de viajar en tren filmekin erakutsi dugu badugula gaitasuna beste hizkuntzetan ere lan egiteko eta beste produktoreekin lehiatzeko.
La casa de mi padre filmean Juan Jose Ballestari euskara irakatsi zeniola esan didate.
Carmelo Gomezi ere. Duela hamahiru edo hamalau urteko lan bat izan zen. Urteetan hainbat telesailetan egin nuen lan, gidoietako euskara zuzentzen, aktoreei gidoiak euskaraz erakusten, eta abar. Nolabait ere, beti lortu nahian telesailetan eskaintzen den euskara egokia, komunikatiboa eta zuzena izan dadin, ordena horretan. Juanjo Ballestarekin eta Carmelo Gomezekin lan egitea tokatu zitzaidan, eta kanpotik etorritako aktoreei euskaraz irakastea oso dibertigarria izan zen.
Juanjo Ballestak gauzak ulertu gabe errepikatzeko erraztasun izugarria zuen, eta berarekin harrituta gelditu nintzen. Duela urtebete inguru kalean topatu nuen, eta bere agurra izan zen filmaren garaian ikasi zuen euskarazko esaldi bat goitik behera esatea, zer esaten ari zen jakin gabe.
Euskal telebistak Ihesaldia telesaila egingo du orain, baina Goenkaletik ez da euskarazko telesailik egon euskaraz.
Telesailak euskaraz egiteak badu funtzio bat gure gizartean, hainbat gauza gizarteratzen baitituzte.
Oso kritikoa naiz kalean gaur egun erabiltzen den euskararekin. Espainiera hizkuntza elebakarra da, baina egiten dugun euskararen erabilera elebiduna da; ezagutzen dudan hizkuntza elebidun bakarra da. Esaldi bat euskaraz hasten dugu eta beti bukatzen dugu erdaraz, eta hori galera latza da. Beraz, iruditzen zait telesailek transmisio arloko garrantzia dutela, eta ondo legoke berriz ere inbertsio bat egotea filmak eta telesailak euskaraz egoteko.
Antzerki obra asko ere itzuli dituzu, ezta?
Hori egiteko formazio bat atera nuen Goenkaletik. Antzezlanetako elkarrizketak euskaratzean, egokiak, komunikatiboak eta zuzenak izateko esfortzu handia egin behar da, eta honek ez du esan nahi obraren maila jaitsi behar denik, inondik inora.
Goenkaleko lanari esker egindako beste gauza bat izan da hitanoaren eredu bat sistematizatzeko aukera bat izatea. Horren inguruan lan egin dut, eta eredu bat planteatu nuen [Hitanoa mintza hadi, lagun! liburua]. Uste dut garrantzitsua dela, gaur egun araututa dagoen bakarra aditz laguntzailea delako, baina hitanoak beste arlo asko ditu. Tradiziotik tiraka, telesailetarako eredu bat egin nuen, ikastaroetarako ere balio duena.
Zu izan zara horrelako liburu bat idatzi duen bakarra?
Hitanoaren inguruan? Bai.
Gustatuko litzaizuke egunen batean film luze bat zuzentzea?
Apaiz-kartzela dokumentalean produkzioan eta zuzendaritzan nago, baina segur aski etorriko dira proiektuak, non bakarrik zuzenduko dudan. Horretarako, pausa da garrantzitsua, nire ustez ezinbestekoa delako gidoia idazten duena zuzendaria izatea.
Argi daukat memoria historikoaren arloak betetzen nauela, eta uste dut denok daukagula zor bat gure memoria historikoarekin. Zamorako apaiz-kartzelaren historia kontatu dugu bere 50. urteurrenean, baina memoria historikoaren inguruko proiektu gehiago etorriko dira. Burgosko prozesuaren, Carrero Blancoren hilketaren eta Francoren heriotzaren urteurrenak datoz, eta gauza horiek denborak ematen digun patxadarekin kontatu beharra dago.