Kalearekin batera sorturiko saltokiak agur esango du
Isabel II.aren hiribideko Zubeldia Kirolak arropa denda itxi egingo dute, bere jabeak erretiratu egingo direlako. Saltokiak ia mende erdia egin du bere lekuan eta, denbora horretan, auzoaren bilakaeraren lekuko zuzena izan da.
Duela 48 urte ireki zuten Klara Lizeagak eta Lucio Zubeldiak euren saltokia Amara Berriko Isabel II.aren hiribidean. Lokala tindategi eta garbitegi gisa erabili zuten hemezortzi urtez, baina lan hura gogorregia egiten zitzaienez, negozioari bira bat eman eta arropa denda bat sortzea erabaki zuen bikoteak. Horrela jaio zen Zubeldia Kirolak, denborarekin auzoko saltoki ikoniko bat bilakatzeko. Beste 30 urteko ibilbidea egin ostean, ordea, bere jabeek erretiroa hartuko dute Gabon jai hauen amaieran, eta haiekin batera, saltokiak agur esango die auzotarrei.
Familiak dendaren itxiera pena handiz bizi duela adierazi du Lizeagak: “Gure ilusioa negozioa norbaiti pasatzea zen, baina gauzak dauden modura egonda, halako denda baten ardura hartzea zaila da edonorentzat”. Azaldu duenez, saltokiaren ardura hartzea gehiegizko lana da pertsona bakarrarentzat, baina, era berean, negozioak ez ditu bi langile mantentzeko adina etekin sortzen. Hori dela eta, ezin izan dute dendari jarraitutasun bat emango liokeen inor topatu, eta ia mende erdiko historia duen lokala itxi egingo da aste gutxi barru.
Bere dendak eta hiriko gainerako saltoki txikiek bizi duten egoera zaila Interneten eta saltoki handien konpetentziarekin lotu du Lizeagak: “Bezeroek duten kontsumitzeko modua aldatu egin da azken urteetan, eta horrek min handia egin dio kaleko saltokiari”.
Zubeldia Kirolakek horrenbeste urteko ibilbidea egin badu, betiko bezeroen fideltasunari esker izan dela azaldu du bere jabeak. Hain zuzen, itxieraren berri edukita, bezero horiek egunetik egunera pasatzen ari dira orain Isabel II.aren hiribideko txokotik, dendari azken agurra emateko.
Ez da gutxiagorako. Izan ere, hamarkada hauetan zehar, denda herritar askoren bizitzaren parte izan da, bezeroak ere dendarenaren parte izan diren modura: “Auzoko eta inguruko herrietako bezero asko izan ditugu, eta, pareta hauen artean, gure bizitza haiekin egin dugu urte hauek guztietan”.
1971n zabaldu zenetik, saltokia auzoaren bilakaeraren lekuko zuzena izan da. Hain zuzen, Lizeagak gogoratu du hiribideko kaleak oraindik asfaltatu gabe zeudela berak eta bere senarrak lokala erosi zutenean: “Iritsi ginenean, kaleak egin gabe zeuden, baina, urteen poderioz, auzoak gaur egun duen forma jaso zuen”. Saltoki txikiaren galerarekin, ordea, herritar askok zailagoa izango dute hemendik aurrera eurena zen auzoa ezagutzea.