Gobernu Zibila Kultur Etxe liburua argitaratu du plataformak
Amara Berriko Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformak liburu bat argitaratu du euren egitasmoari ikusgarritasuna emateko. Hain zuzen ere, bidegile dituztenei esker ona adierazteko euren ahotsak jaso dituzte liburuan.
Auzorako kultur ekipamendu hobeak eta egokiak lortzeko, aipaturiko eraikina aldarrikatzen du plataformak. Prozesu esku-hartzailea irekitzean beti izan du helburu auzotarren ahotsak erdigunean jartzea. “Orain aurkezten dugun liburu hau ere horretara dator. Amara Berriko biztanleon aniztasunaren eredu diren eta herrigintzan, kulturgintzan nahiz beste eremu ugaritan nabarmendu diren zenbait auzotarren iritziak jaso eta bertara ekarri ditugu”.
Liburuaren aurkezpen ofiziala ostiralean egingo dute Amara Berri Auzo Elkartearen egoitzan, 11:00etan.