Semillas Elosegui dendako itxiera-erakusketa ostegunean inauguratuko dute
Abenduaren 31n itxiko dute Parte Zaharreko Semillas Elosegui hazi-denda. Aurretik, ordea, itxiera-erakusketa antolatu du Eva Villarrek. Inaugurazioa ostegunean izango da, 19:00etan.
Ehun urtetik gorako saltokiaren omenez antolaturiko erakusketan Jon Cazenave, Maria Cueto eta Jaime de los Rios artisten lanak ikusi ahal izango dira. “Naturarekin eta oroimenarekin era desberdinean hitz egiten dute hiruek, inguruarekin adeitsuago jokatzeko moduak irudikatzen. Haziak erakusketaren edukiak lotzen dituen metafora bihurtu dira”, dio Villarrek. Erakusketako lanek denborari, memoriari eta naturaren formei buruz hausnartzera gonbidatzen dutela gaineratu du.
Hirian ateak itxiko dituzten edo itxi dituzten saltoki txikietan interbentzio artistiko eta azalpenezkoak egiten ditu Villarrek, memoria hari moduan erabiliz eta saltoki horiek aldarrikatuz. Iaz itxi zuten Casa Susperregi lentzeria denda, eta performancea egin zuen han Villarrek.