Donostia bat bakarra, baina ordezko mundurik ez
Gure gizarteak kontsumoa du oinarri. Hortaz, garapen jasangarriaz ari direnean hazkunde etengabea dute buruan. Baliabide naturalak mugatuak dira ordea. Ez dugu B planetarik. Eredu aldaketa behar da zor ekologikoa kitatuko badugu eta gizarte orekatsua izango bada.
Gabonak bertan ditugu eta kontsumoak nabarmen egiten du gora. Planetarentzat egun beltzak igaro berri ditugu, black friday delakoa barne, eta okerragoak datoz. Ez ahaztu, behar ez duguna erostea, merkea eskuratuta ere, beti garestiago izango dela hura ez erostea baino. Dena den, gutxienekoa da gastatutakoa, prezio altuegia ordaintzen hasiak baikara, besteak beste, klima aldaketa dela eta. CO2 isurketa tasak igotzen jarraitzen du, baita Donostian ere.
Airearen kalitateak okerrera egin du hirian, eta puntualki poluitzaileen kontzentrazioa neurketa estazio batzuetan oso altua izan da. Gure aztarna ekologikoa handitzen doa, erkidegoan 2,65 planeta beharko genituzke ditugun beharrak asetzeko. Donostian oraindik gehiago. Ez dugu ordea B planetarik. Udalerriaren ingurune naturala jaten ari gara, baina dirudienez ez da nahikoa. Donostiak okupatzen duen azalera osoa hainbat aldiz erabiltzen ari gara, hura ere jaten eta txikitzen.
Egia deserosoa
Ezer ez da ematen duena; gezur batekin bi gezur. Engainatzen gaituzte, geure burua engainatzen dugu. Gure agintariek gardentasuna erakusleihoarekin nahasten dute, informazioa marketinarekin, aukera beharrarekin, posible dena ezinbestekoa denarekin… Premiak eta lehentasunak eskutik joan beharko lukete, baina interes ekonomiko pribatuak tarteko, interes orokorra alboratua izan ohi da. Kontzeptuak nahasten dira. Horrela garapen jasangarria izan behar zuena etengabeko hazkundea bilakatzen da. Baina hazkunde iraunkor hori ezinezkoa da baliabide naturalak mugatuak direlako, eta asmo bera ere jasangarritasunaren kontrapuntuan dagoelako.
Egungo sistema kapitalista hazkunde horretaz elikatzen da, baina ingurune naturalaren kaltetan, gizarte desorekak areagotuz eta gehiengoaren bizi kalitatea murriztuz, gure espeziearen biziraupena arriskuan jartzeraino. Izan ere, kontuan hartu behar dugu klima aldaketatik harago badirela beste hainbat faktore, biodibertsitatearen galera kasu, batera gertatzen ari direnak eta larriagoak izan daitezkeenak. Gizakia ekosistemen parte da eta bere jardueraren ondorioz kate trofiko konplexuak barne begiak galtzen ari dira. Ezagutzen ez ditugun faktore asko gertatzen ari direla pentsa daiteke, ondorio imajinaezinak ekar litzaketenak. Honezkero mikrobiotan ere eragiten ari gara, eta prozesu biogeokimikoak alda bidean egon litezke. Aurki, lekurik izango al da guretzat? Nekez horrela jarraituta.
Klima larrialdia
Politikariak bogan dagoen klima aldaketaren aurkako diskurtsoa eurena egin dute, eta larrialdi klimatikoa aitortu dute, funtsean ezer ez aldatzeko estrategia eta plangintza panposak onartuz. Donostiak egin berri du, baina hiri-eredua ez dator bat hitz polit horiekin. Izan ere, itxurakeria eta irudia egon badago, baina aldaketa sakonik ez, eta ematekotan, etengabe hazten doazen kalte horien abiaduraren atzetik datoz. Oker gabiltza eta denbora ari zaigu agortzen. Aurtengo Gabonetako argien adibidea agerikoa da. Klima larrialdia ezarri eta jarraian iaz baino egun gehiagotan argiztatuko duten bonbilla kopuru handiagoa kontratatzen da.
Bestalde, su artifizialik behar al dugu Gabonetan, Aste Nagusikoak edukita? Hazi behar, trafikoa bezala, zeina gora egin duen hirigunean. Behar ez ditugun obrak sustatzen dira, metroarena kasu, soilik oraingo lanen fasean negutegi efektuko tona ugari isuriz. Aldiz, premiazkoa den intermodala baztertuta dute aspalditik. Hazi eta hazi eremu berriak okupatuz, zuhaitzak nonahi moztuz. Ingurune naturala jaten ari gara, eraztun berdea jaten ari gara, eta Belartzako kasua da horren lekuko. Uholdeak beti izan dira. Orain, beharbada, areagotuko dira. Ezin dugu ahaztu, ordea, geu izan garela uholde lautadan kokatu garenak. Hori bai, gure okerra zuzendu beharrean, urte batzuk dituzten eraikinak mugituta, milioika urte dituen mendiari puska bat jaten diogu, Martutenen egiten ari garen legez.
Hazi bai, batzuen mozkinak, gizartea berriz ere nabarmen mailakatzen ari den bitartean. Gaur egun, aberatsen eta txiroen arteko aldea biderkatzen ari da. Dirudunak sakelak ezin beteago eta behartsuak pobreago. Iaz industria-onura %30 hazi zen, soldatak soilik %1. Bizi-kostua gora, bizi-kalitatea behera. Etxebizitzen prezioa gora eta zer esanik ez alokairuarena. Donostiar asko sistemak erbesteratu ditu. Eta neurririk gabe emendatzen doan turismoak eragin zuzena du aipaturiko faktoretan.
Olentzerori gutuna
Noizko geratzen zaigun natura apurraren blindajea, eta noizko berdeguneen arteko korridore naturalak? Udalak, Artikutzarekin egin zuen moduan, kontserbazioari begira lurrak erosteari noizbait ekingo al dio? Noizko kostalderako babes zorrotza? Noiz jarriko zaio muga auto pribatuari, hirigunea trafikoari itxiz? Ingurumen erronkak, klima aldaketa kasu, agintariek aintzat hartuko al dituzte behingoz, egungo ereduaren aldaketa sustatuz? Noizko benetako lider ausartak?