Kimikoteka proiektua aurkeztu du Donostia International Physics Center-ek
Koldo Mitxelena Kulturunean izan da Kimikoteka egitasmoaren aurkezpena. Taula periodikoaren garrantzia eta edertasuna goraipatzea du helburu Donostia International Physics Center-ek bultzaturiko proiektuak. “Taula periodikoa eredu gisa hartuz, egunerokoan topa daitezkeen produktuen bilduma bat erakutsi eta horien atzean dauden prozesu fisiko eta kimikoak aurkeztuko dira”, azaldu dute.
Pedro Miguel Etxenike DIPC-ko presidenteak eta Juan J. Iruin EHUko Kimika Fisika katedradun erretiratuak egin dute aurkezpena. Taula periodikoaren 150. urteurrenarekin eta Taula Periodikoaren Nazioarteko Urteko ospakizunekin bat eginez, taularen bertsio berezi zein propioa egin du DIPC-ek: “prozesu kimikoei, fisikoei eta biologikoei esker substantzia bakan batetik, mahatsa edo esnea esaterako, era askotariko produktu konplexuak nola sor daitezkeen erakusteko, hala nola ardoa edo gazta”.
Etxenikek ondorengoa nabarmendu du: “Taula periodikoa zientziaren lorpen handienetarikoa da. Naturaren orden sakonaren isla da, kimikaren esentzia ez ezik, fisika eta biologiarena ere harrapatzen dituena bere baitan. Harago, artelan bat da; ez soilik bere edukiarengatik, baizik eta hura sortu zen moduagatik, izan ere, Mendeleiev iritsi zen taula periodikoa sortzera, artistak, adibidez poetak, beraien olerkiak idaztera iristen diren bezala. Koherentzia, sinpletasuna, erritmoa eta ezinbestekotasuna ditu bere baitan”.
Jarduerak
Datozen asteetarako taula periodikoa eta ardoen Kimikoteka taularekin lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte. Hilaren 19an, Iruinek hitzaldia emango du Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Taula periodikoaz eta ardoen konposizioa konplexuarekin duen lotura ere izango ditu hizpide. Bestetik, abenduaren 20an, Iruinek eta Goñi Ardotekak gidatutako dastaketa bat eskainiko dute. Bertan, katarako hautatu diren ardo bakoitzaren notak eta ardoarekin zein kata berarekin lotuta dauden prozesuen zenbait berezitasun zientifiko azalduko dira. Bukatzeko, urtarrilaren 16an Rekondo Jatetxeak, kata pertsonalizatu bat egingo du, non Iruinek ikuspegi zientifikoa eskainiko duen.