Loiolako panpin parada kolokan dago
Hamalau urtez Loiolako panpin parada edo panpinen jaiotza jarri du boluntario talde batek. Aurten, ordea, ez dutela jarriko iragarri dute: “Loiolako kultur etxeak baldintza berezi batzuk jarri dizkio urtero ematen duen diru-laguntzari”. Kultur etxeak, ordea, hori ukatu du, eta panpin parada jartzeko borondatea berretsi dute.
Atari Eder plaza da jaiotzaren edo panpin paradaren sorburua. Urtetik urtera, ordea, auzo osora zabaldu dira panpinak. Horrek auzotarren iritzia bitan banatu du. Panpinak, plazan ez ezik, auzoko beste lekuetan jartzearen aldekoak eta kontrakoak daude.
Bi aldeekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eta gertatu denaren inguruko ikuspegi desberdina dute. Boluntario taldea “oso haserre” dago kultur etxearekin. “Pentsatu beharko dute zein den beraien lana gure auzoan, eta ez da diru kontua”. Pilar Jauregik, boluntario taldeko kideak, gaineratu du auzoan “gehiengoak” babesten duela jaiotza.
Oso bestelako iritzia du Jon Urbietak, kultur etxeko arduradunak. “Auzotar hainbatek esan izan digute auzoko txoko hainbatetan panpinak jartzea ez dela egokia”. Horiek horrela, Urbietak boluntario taldeari adierazi zion Atari Eder plazan panpin parada txukun bat jartzea dela aproposena. “Betidanik egon gara panpin parada jartzearen alde, eta horrela jarraitzen dugu”. Baimena eskatzea boluntario taldeari dagokiola esan du Urbietak, eta ez kultur etxeari. “Dena dela, garaiz dabiltza parkean urteroko jaiotza jartzeko”.
Loiola Donostia blogak –auzotarren gune digitala– bi aldeei eskatu die arazoari irtenbide bat topatzeko. “Agian alde bakoitzetik pixka bat jartzea izan daiteke konponbidea. Haurrei ilusio handia egiten die jaiotza honek, eta ez dago inon horrelakorik”.