Ostiralean irekiko dute San Sebastian eguneko zozketan izena emateko epea
Konstituzio plazako udal eraikinetik bandera igoera eta jaitsiera, eta haur danborrada udaletxetik ikusteko aukera zozkatuko da urtarrilaren 8an.
50 donostiarrek izango dute aukera 2020ko San Sebastian egunean bandera igoera zein jaitsiera Konstituzio plazako udal eraikinetik ikusteko. Egun bakoitzeko 25 herritarrek izango dute aukera, eta bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du. Zozketa publiko baten bidez erabakiko da.
Izena emateko epea ostiral honetan irekiko da, eta urtarrilaren 3ra bitarte eman daiteke Udalinfon (bai bulegoetan, eta bai 010 telefono zenbakian), eta Donostiako Udalaren webgunean. Zozketa, berriz, urtarrilaren 8an izango da udaletxeko udalbatzar aretoan, 18:00etan.
Parte hartzeko derrigorrezkoa da adinez nagusi izatea, eta Donostian erroldatuta egotea. Gainera, sarituek ezingo dute igoera eta jaitsieraren artean aukeratu, baizik eta, zozketan ateratzen diren lehendabiziko 25 zenbakiek banderaren igoera ikusiko dute – bakoitzak 16 urte baino gehiagoko lagun bat gonbidatu ahal izango du – eta gainerakoek banderaren jaitsiera. Zozketan sarituak suertatzen direnek urtarrilaren 14tik aurrera jasoko dituzte gonbidapenak. Eta gonbidapena jasotzeko NAN-a eskatuko da.
Haur danborrada
Bestalde, 18 donostiarrek (36 guztira, izan ere, bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du, eta kasu honetan ez dago gutxieneko adinik) urtarrilaren 20ko haur danborrada udaletxearen balkoitik ikusi ahal izango dute.
Baldintzak (adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea) eta zozketan parte hartzeko izena emateko epea (abenduaren 20tik urtarrilaren 3ra arte) banderaren igoera eta jaitsiera ekitaldietarako berdinak dira, eta zozketa ere egun berean egingo da.