Tasa turistikoa ezartzeko asmoa berretsi du Eneko Goia alkateak
Donostiako Udalak aspaldi iragarri zuen turismoaren zerga sortzeko nahia. Pasa den astean, berriz, Ernesto Gasco Turismo zinegotziak adierazi zuen udalak dagoeneko abiatu duela tasa turistikoaren prozedura. Sektoreak ez du ondo hartu erabakia, eta Gipuzkoako Hotelen elkarteak udalaren “desleialtasuna” salatu du.
Eneko Goia alkateak normaltzat jo ditu sektorearen kexak, eta nabarmendu du udalbatza osatzen duten 27 zinegotziak daudela tasa turistikoa ezartzearen alde. Horrekin batera, azaldu du sektoreareko ordezkariekin elkartuko direla hitz egiteko eta eztabaidatzeko. “Hori da eskaini ahal diedana, denon artean hitz egitea. Hori bai, ezin dut hitzeman denen gustukoa izango denik ezarri nahi dugun zerga”.
Tasa turistikoa 2021eko urtarrilean aplikatzea aurreikusten du udal gobernuak, eta egiteko “lan asko” dagoela adierazi du alkateak.