Banku txartelarekin ordaindu ahal izango da Dbusen autobus linea guztietan
Dbusek Donostiako autobus linea guztietan inplementatu du banku txartela bidez ordaintzeko sistema. 2017ko abuztuan jarri zuten abian egitasmoaren proiektu pilotua 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineetan, eta linea guztietara zabaltzea erabaki dute. Sistema hori erabiliko duten Europako lehenengo hirietako bat da Donostia, Madrilekin eta Londresekin batera.
Banku txartela bidez ordaintzen duten erabiltzaileek noizbehinkako txartelaren prezioa ordainduko dute egunean zehar –1,80 euro–, eta gainontzeko erabiltzaileen moduan, gaueko tarifa –2,10 euro– gautxorietan; bietan komisiorik gabe. Kontakturik gabeko banku txartelekin (EMV) ordaindu ahal izango da, baita mugikorreko hainbat aplikaziorekin ere, autobus gidariaren ondoko tiket makinan.
Donostiako Udalaren arabera, ordainketa arinago egingo dute autobusen erabiltzaileek sistema honen bitartez, garraio publikoaren erabilera bultzatuz. Era berean, likidazio lanak erraztuko dituela azaldu dute, eskudirutan jasoko den dirua gutxiago izango baita hemendik aurrera (%8,70 da gaur egun). Sistema honek beste herrialde batzuetatik datozen pertsonei ere autobusak erabiltzea erraztuko diela gaineratu du udalak.