Donostiako martin arrantzale baten heriotza salatu du Eguzki Talde Ekologistak
Donostiako martin arrantzale bat Agirre Lehendakariaren zubi ondoko beiratearen aurka talka egin ondoren hil dela salatu du Eguzkik. Ekologistek azaldu dutenez, ale hori zen Urumea ibaiko azken zati urbanizatua egunero igarotzen zuen ia azkena: “Martin arrantzale hori zen, ziurrenik, Astiñeneko zubitik bokaleraino, Urumea egunero zeharkatzen zuen ale bakarra, beharbada bere bikotearekin batera”. Era berean, kristalezko eraikinak eta hesiak hegaztientzat “tranpa perfektuak” direla nabarmendu du Eguzkik, detektatzen ez dituztenez, haien aurka talka eginez hil egiten direlako.
Martin arrantzalea ez da hegazti bereziki urria orokorrean, baina “interes bereziko” gisa sailkatuta dagoela azaldu du Eguzkik, eta arriskuan dauden hegaztien katalogo gorrian “ia mehatxupean” dauden espezieen artean dagoela. Horregatik, “zeharo urbanizatuta dagoen eremu batean ikusi ahal izatea, tartean behin bederen, opari bat zen” talde ekologistaren aburuz.
Hil berri den martin arrantzale horren moduan, Eguzkik salatu du “ehunka hegazti” hiltzen direla hiriko beirateen aurka talka eginez: “Arazoa ez dira soilik 5. zubiko kristal hauek. 6. zubian ere beste horrenbeste gertatzen da, Arccon (hori ere udalaren ardurakoa) ere bai, eta hiriko eraikin partikular askotan ere bai”.