Lehen aldiz, ez da animaliarik egongo Mari Domingi eta Olentzeroren desfilean
Gutxi gelditzen da Gabonetako oporrak iristeko, eta Donostiako Udalak iragarri du noiz helduko diren Olentzero eta Mari Domingi gure hirira. Hain zuzen, abenduaren 24an jaitsiko dira menditik, eta 15:30ean agerraldia egingo dute udaletxean. Han, erdiko balkoitik agurtuko dituzte gutunak eman nahi dizkieten haurrak, eta, ondoren, Alderdi Ederrera jaitsiko dira, umeak agurtzera.
Eskutitzen jasotzea udaletxeko terrazan egingo dute, eta 16:00etatik 18:00etara iraungo du; hala ere, udalak jakinarazi du ilara 17:40ean itxiko dutela. Une horretan, Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileek jasoko dituzte harreran egon ezin izan duten haurren gutuna.
Harreraz gain, Olentzerori eta Mari Domingiri egingo zaien harrera osatzeko tailer batzuk antolatu dituzte. Parte hartzaileek eskueran izango dute materiala Mari Domingirentzat eta Olentzerorentzat marrazkiak egiteko. Gainera, Axular Gero kultur taldeak antolatuta, baserritar jantzien zapia modu dotore eta egokian ipintzen ikasteko, eta abarkak janzten eta lotzen jakiteko tailerrak egingo dituzte. Gaztaina erreak banatuko dituztela jakinarazi du udalak.
Aurten, Mari Domingi eta Olentzero gure hirian ibiliko dira, laguntzaile berezi batzuekin. 18:30etik aurrera eta ordubetez gutxi gorabehera, Basandere eta Basajaun, jentilak, dragoi bat, iratxo eta ipotxak bezalako izaki fantastikoek, trikitilari erraldoiek edo eguzki-loreek lagunduak osatuko dute jarraigoa, eta, horiekin batera, hamalau egurgile bizikletan eta 60 baserritar izango dira. Aurten, lehen aldiz, ez da animaliarik izango.
Azken urteetan egin bezala, Olentzerok eta Mari Domingik gure hiriko auzo eta ikastetxeak bisitatuko dituzte. Esteka honetan, ordutegi eta ibilbideak kontsulta daitezke.