Marrus bidearen ondoan baratze publiko gehiago jarriko ditu udalak
Donostiako Udalak Lauaizetako Plan Berezia onartu zuen 2013an, eta hiri baratze parke publikoa garatzeko Marrus baserriaren inguruan hiru lursail egokitzea aurreikusi zuen. Lehen biak abian jarri ondoren, hirugarren eta azkena ere abian jarriko du udalak. Zozketa bidez adjudikatuko dira baratzeak eskatzaileen artean.
8.100 metro koadroko gunea izango da, eta 100 baratze baino gehiago jarri ahal izango dira. 266.123 euroko aurrekontua dute egokitzapen lanek. Baratzeak 49 metro koadrokoak izango dira. Lehen lursaila egokitu zenean etxola bat jarri zuten, eta haren ondoan egurrezko beste bat jarriko dute 64 metro koadrokoa. Gainera, sarreran erabilera ezberdinerako bi gune egingo dira: bat konposterako (140 metro koadrokoa) eta beste bat han egoteko banku eta mahaiekin. Bizikletak aparkatzeko bi gune ere jarriko dituzte.
Lehen lursaila 6.200 metro koadroko eremua da, eta 2014an jarri zuten abian; 88 baratzekoa. Horiek erabiltzeko bi deialdi egin dituzte, eta gaur egun 2018an adjudikatu zirenak daude indarrean. Bigarren lursaila hilabete batzuk beranduago egokitu zuten, 9.300 metro koadrokoa eta 138 baratze publiko dituena. Dena dela, 2017an itxi zituzten denak lurrak kutsatuta zeudelako.