Loiolako kuartelekin bukatuko da 36ko gerrari buruzko seriea
Donostiako 36ko gerrari buruzko IRUTXULOKO HITZAren seria itxiko du Loiolako kuartelen inguruko erreportajeak.
Loiolako kuarteletan 36ko gerran egon zen setioaren ingurukoa izango da aste honetako astekariko Atzera Begira atalean argitaratuko dugun erreportajea. Izan ere, 1936ko uztailean Espainiako militar frankistek estatu kolpe saiakera egin zutenean, laster batu ziren kolpera Loiolako kuarteletako militarrak, eta Donostia hartzen saiatu ziren. Batzuek hiriko hainbat eraikin esanguratsu hartu zituzten, tartean Maria Kristina hotela eta Gran Kasinoa (gaur egungo udaletxea). Beste batzuek, ordea, Amaran erresistentzia herritar gogorra topatu zuten, eta kuarteletaraino atzera egin behar izan zuten. Polloetik eta Ametzagañatik setiatu zituzten errepublikaren aldeko herritarrek kuarteletako militarrak, eta askoz baliabide urriagoak eta xumeagoak bazituzten ere, kolpisten errendizioa lortu zuten.
Ostiralean osorik irakurri ahal izango den erreportajearekin, hamaika aste iraun dituen serie bat itxiko du IRUTXULOKO HITZAk. Izan ere, 36ko gerra bukatu zenetik 80 urte bete dira aurten, eta horri buruzko erreportaje mardula osatu zuen hedabide honek urriaren 4an. Hortik aurrera, 36ko gerrako Donostiako hainbat protagonistaren, gerran zeresana izan zuten hainbat eraikinen eta gerrako pasarte batzuen inguruko erreportajeak osatu ditugu Atzera Begira atalean. Aipatu erreportajea eta serieko eduki guztiak helbide honetan irakurri daitezke.