Osakidetzak 5 milioi euro jarriko ditu Parte Zaharreko osasun zentrorako
Bretxako Arrandegi eraikinean jarriko dute Parte Zaharreko osasun zentroa. Horretarako, Donostiako Udalaren eta Osakidetzaren lankidetza hitzarmena ontzat jo du Tokiko Gobernu Batzordeak.
Osakidetzak 5.553.909 euro jartzeko konpromisoa hartu du, eta horietatik 2.725.000 euro hitzarmena sinatzean ordainduko dira. Udalak, berriz, konpromisoa hartuko du 75 urterako herri erabilerarako emakida bat ezartzeko, eta emakida hori hitzarmena sinatu eta 24 hilabeteko epean formalizatu beharko da. Era berean, jarraipen batzorde bat sortuko dute hitzarmenaren interpretazio partekatua eta aplikazio eraginkorra sustatzeko.
Eperik ez
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak erabaki zuten osasun zentroa Arrandegi eraikinean jartzea. Ordutik denbora asko pasa da, eta oraindik eperik ez dute zehaztu aipaturiko zentroa jartzeko. Nolanahi ere, azpiegitura berri honek baldintza onenak izatea nahi dute, medikuntza jarduera bermerik handienarekin egiteko, eta Parte Zaharreko zein Erdialdeko herritarrei beharrei erantzuteko.