Haizearen Orrazia kultura ondasun gisa kalifikatu du Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak Kalifikatutako Ondasunen Erregistroan sartu du Haizearen Orrazia. Horrela, kultura ondasun kalifikatu gisa aitortu dute, monumentu-multzu kategorian, eta baldintzarik onenetan zaindua izango da.
Eneko Goia alkateak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak pasa den otsailean aurkeztu zuten Haizearen Orrazia babesteko proposamena. Urtea bukatu aurretik, ontzat jo da eta babesa jaso du. Zehazki, hiru esparru aintzat hartuko ditu: Peña Gantxegik diseinatutako plaza, Eduardo Txillidaren hiru eskulturak eta natura-ingurunean.
Inguruaren babes horren barruan, obraren ikusizko ikuspegia sartzen da –1.500 metroko ikusmen-irismenarekin–, obraren inguruko itsas paisaia ere babestuz, paisaia babesteko beste araudi batzuetan babestu den modu berean. Ingurune hori kultura-ondasuntzat kalifikatzeak ingurua babesteko neurriak hartzera behartzen du Donostiako Udala, dagoeneko egiten ari den bezala. Era berean, kalifikazio hori ezinbesteko baldintza da UNESCO Gizateriaren Ondare izendatzeko balizko prozesu bati ekiteko.
Jon Insausti Kultura zinegotziak “berri ona” dela nabarmendu du. “Hiriaren eta Udalaren helburua den Haizearen Orrazia Gizateriaren ondare izendatzeko beste urrats garrantzitsua da gaurko onarpena”. Gaineratu duenez, eremu osoa babesteak garrantzia berezia du. “Ez gara Txillidak diseinatutako eskulturez bakarrik ari, Peña Gantxegiren ingurune arkitektonikoaz eta ingurune naturalaz ere ari gara, monumentu-multzoaren adierazpenak jasotzen duen bezala, Igeldoko hegalak eta itsasoak berak marrazten dituen formekin”.
Hurrengo pausoa hautagaitza hori bermatuko duen talde eragile bat sortzea izango dela adierazi du Insaustik, azkenean Espainiako Gobernuak multzo hori UNESCOren aurrean Gizateriaren Ondare gisa proposa dezan.