Hauteskundeetan jeltzaleak izan dira bozkatuenak
Eneko Goiak irabazi ditu udal hauteskundeak, eta EAJ-PSE-EE gobernu akordioa berretsi dute. Espainiako bi bozetan jeltzaleek lortu dute boto gehien Donostian, eta EH Bilduk soilik hobetu ditu emaitzak.
Lau hauteskundetan parte hartzeko aukera izan dute aurten donostiarrek. Maiatzaren 26an izan ziren udal hauteskundeak –eta Europakoak–, eta EAJ izan zen bozkatuena. Eneko Goiak 2015eko emaitzak hobetu eta hamar zinegotzi lortu zituen.
Hilabete lehenago, apirilaren 28an, izan ziren Espainiako hauteskundeak, eta PSOEk irabazi zituen. Ordea, Pedro Sanchez sozialistak ez zuen gobernua osatzeko nahikoa babesik lortu, eta azaroaren 10ean errepikatu ziren bozak. PSOEk irabazi zituen, berriz ere, eta gobernua osatzeko negoziatzen ari da. Bi hauteskundeetan EAJ izan zen alderdi bozkatuena Donostian. EH Bildu izan zen azken hauteskundeetan emaitzak hobetu zituen alderdi bakarra.
Ekainaren 15ean hartu zuen Goiak, bigarrenez, aginte makila. Udal hauteskundeak pasa eta hogei egunera osatu zuten Donostiako Udalbatza 27 zinegotziek. Aurreko legealdiarekin alderatuta, aldaketak egon ziren udal taldeak osatzerakoan. EAJ alderdi bozkatuenak hamar zinegotzi ditu orain, aurreko legealdian baino bat gehiago. EH Bilduk, berriz, sei ditu eta bigarren indarra izan zen maiatzeko bozetan. PSE-EEk bost zinegotzi ditu, eta hauteskundeetan alderdi galtzailea izan zen bi eserleku gutxiago eskuratu zituztelako. PPk hiru zinegotziak mantendu ditu, eta Elkarrekin Donostia koalizioak hiru zinegotzi ditu, Irabazi Donostiaren testigua babes gehiagorekin hartuta.
Iragan legealdiko gobernu akordioa berretsi zuten EAJk eta PSE-EEk ekainaren 17an, eta egun bat beranduago aurkeztu zuten. Lan ildoak mantentzearekin batera, zinegotzigoetan aldaketa batzuk egin zituzten. Besteak beste, Nekane Arzallus izendatu zuten Hirigintza zinegotzi, eta lehen alkateorde.
Parte hartzeak behera
Espainiako azaroko hauteskundeetan 102.068 donostiarrek (%69,22) eman zuten botoa. Apirilaren 28ko bozekin alderatuta, sei puntu jaitsi zen parte hartzea. Donostian EAJ izan zen alderdi bozkatuena, PSE-EE, EH Bildu, Unidas Podemos eta PPren aurretik.