Itsasargiko eskultura izango da hiriaren «kultur erronka»
Donostian egiten ari diren lanetatik, Cristina Iglesiasen esku-hartze artistikoa sustatu du gehien udal gobernuak. Proiektuak ez du herritar guztien babesa. Are gutxiago, metroaren lanek, urtean zehar eragindako kalteengatik.
Santa Klara irlako itsasargia hustu eta Cristina Iglesias artista donostiarraren eskultura bat jarriko dute. 2017ko apirilean aurkeztu zuen proiektua Donostiako Udalak Iglesiasekin batera. Orduan adierazi zuen haren esku-hartze artistikoa dohaintzan emango zuela. Dena dela, Kontxako badiako hondoa irudikatuko duen eskultura jartzeko aurrekontua nabarmen hazi da denboran. 2020ko irailerako lanak bukatzea aurreikusten du udalak, eta une honetan, 3,7 milioi euroko aurrekontua du.
Udal gobernuaren legealdiko egitasmo esanguratsuenetakoa da itsasargiarena. Jon Insausti Kultura zinegotziak azaroko udalbatzarrean nabarmendu zuen: «Hiri honek kultura alorrean duen apustu eta inbertsio handienetakoa da». Udalbatzako erdiak baino gehiagok babesten du proiektua, eta diote herritarren gehiengoa dagoela alde.
EH Bildu eta Elkarrekin Donostia ez dira iritzi berekoak. Ez daude esku-hartze artistikoaren kontra, baina eskulturaren kokapena ez zaie egokiena iruditzen. Hainbat ingurumen elkartek urtetan adierazitako kezka azaleratu dute, eta irlak ondare aldetik behar duen babesa azpimarratu dute. Era berean, uste dute ez diola interes orokorrari erantzuten, eta herritarrei ez zaiela beharrezkoa iruditzen.
Prozesu motela
Bi urte eta erdi pasa dira Santa Klarako itsasargiaren esku-hartze artistikoa aurkeztu zenetik. Donostiako Udalak iazko irailean eskatu zion eraikinaren lagapena Pasaiako Portu Agintaritzari; 50 urtekoa, hain justu. Eraikinaren lagapena gehienez sei hilabetean jasotzea espero zuen udalak, ez azkenik, apirilean lortu zuen; 30 urteko lizentzia eta 5 urtez luzatzeko aukerarekin.
Lagapenaren atzerapen hori dela eta, itsasargiaren eraikinaren hustuketa lanak uda pasa ondoren hasteko erabakia hartu zuen udalak, eta eskultura fabrikatu eta instalatzeko 1,4 milioi euroko kontratua onartu zuen ekainean. Azkenik, urriaren 7an hasi ziren itsasargiko obrarekin. Azaroan, ordea, eguraldi txarrak nabarmen oztopatu zituen irlako lanak, eta horregatik, barrualdea eraitsi eta husteko proiektua hilabete eta 16 egun luzatzea erabaki zuen udalak. Lan horiek bukatzeko epe berri bat ezarri zuten: 2020ko otsailaren 1a.
Zulaketen kaltetuak
Eusko Jaurlaritzak 2017ko azaroan hasi zituen Metroaren Igarobidearen lanak, Euskal Trenbide Sarearen bidez. Azpiegiturak 4,2 kilometroko luzera izango du, eta hiru geltoki berri gehituko dizkio topo zerbitzuari: Benta Berri-Antigua, Kontxa-Erdialdea eta Amara-Easo. Makinak tunelak zulatzen hasi orduko iritsi ziren bizilagunen kexak. Obrak eragindako zaratek, dardarek, dezibelioek eta pitzadurek Antigua, Amara eta Morlans auzoetako bizilagun asko kaltetu dituzte.
Donostiako Udalak hasieratik izan du kexa horien berri, eta bitartekari gisa aritu dira obren afekzioak arintzeko. Dena dela, hasieratik adierazi dute obren eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela, eta gainera, metroaren azpiegiturak hiriaren interes orokorrari erantzuten diola. Satorralaia bizilagunen mugimenduak, ordea, herritar kaltetuen salaketa ugari jaso ditu iazko abendutik. Udalarekin haserre daudela adierazi diete, eta metroko lanen kontra urtean zehar egindako hamaika mobilizazioetan parte hartu dute.
Metroaren lanak fase hainbatetan egiten ari dira, eta oraindik urrun dago obra osoaren bukaera. 200 milioi euro inguruko kostua izango du, eta 2022rako azpiegitura erabilgarri egongo dela aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak mugarritzat jo zuten Bentaberriko geltokiaren eta Erdialdera doan tunelaren arteko lotura. Irailean izan zen, eta erakundeetako ordezkari asko joan ziren tunela bisitatu eta lotura aurkeztera. Hala nola, Eneko Goia alkatea, Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburua eta Markel Olano ahaldun nagusia.
Hautsak harrotu dituzte
Bestelako mugarritzat har daitezke metroaren afekzioak. Batez ere, bi dira oihartzuna izan dutenak, eta oraindik ere izango dutenak. Batetik, udalak azaroa hasieran aurkeztu zuen San Martin kalearen itxierak sortuko dituen eraginei aurre egiteko plana. Kalearen itxierak hiru fase izango ditu, eta hirugarrenak eragin zuzena izango du hiriaren egunerokoan. 2020ko uztailaren 15etik 2021eko uztailera arte San Martin kalea guztiz itxiko dute, Urbieta eta Hondarribia kaleen artean.
Plangintza aurkeztu eta egun gutxira, azaroaren 19an, Antiguako Lizarriturri etxeen atzeko mendi magalaren zati bat jausi zen. Luizia metroaren lanekin lotu zuten bizilagunek, eta udalak oso bestelako hipotesi bati eman zion sinesgarritasuna. Hau da, azken egunetako euri-jasak eragin zuela lur-jausia. Gertatu zena argitzeko txosten geotekniko bat eskatu zuen udalak, eta oraindik ez dute ikerketa horren emaitza jaso.
Reale Arena
Anoeta estadioaren birmoldaketaren proiektu ofizialaren kostu osoa 57,9 milioi eurokoa izango dela iragarri zuen Realak, iragan azaroan. Berritze lanekin 2017ko maiatzean hasi ziren, eta orduan egindako aurkezpenean adierazi zuten aurrekontua 47 milioi eurokoa izango zela. Era berean, 2018ko urrirako obrak bukatzea aurreikusi zuten.
Hasierako iragarpen horiek ez dira inolaz ere bete, eta gainera, Anoetako lanetan izan diren irregulartasunak zuzentzeko ez dute neurri eraginkorrik hartu birmoldaketaren arduradunek: Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Reala. ELA sindikatuak behin eta berriro salatu du obrak Gipuzkoako Eraikuntza hitzarmena urratzen duela. Azken salaketa pasa den azaroan egin zuten Anoeta aurrean, hainbat langilerekin. Udalari eta Realari exijitu zieten berehala esku hartzea birmoldaketa lanetako iruzur eta lan baldintzen urraketetan.
Irailaren 14ean izen berria jarri zioten Anoeta estadioari: Reale Arena. Hain zuzen ere, Atletico Madrilen kontrako neurketan estreinatu zuen talde txuri-urdinak zelaiaren izen berria.
Erraustegiaren kontrola
Aurten bukatu dituzte Zubietako erraustegiaren eraikitze lanak. Dena dela, labeak ez ditu piztuko 2020ko martxora arte. Oposizio sozial indartsuari aurre eginez, Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako azpiegitura gatazkatsuak aurrera egin du urteetan zehar, EH Bilduk 2011n eten egin zuen arren. EAJ eta PSE-EEren foru gobernuak proiektua berreskuratu zuen 2015ean, eta lau urteren ostean, abian jartzear dira. Harekin batera eraikitako beste hiru plantekin, Gipuzkoako Ingurumen Gunea delakoa osatu dute.
Azaroaren 28an hainbat tona zabor erretzen hasi ziren, proba fasean. Behin entsegu eta doitze prozesua bukatuta, 2020ko lehen hiruhilekoa bukatzerako abian izango dela jakinarazi zuen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Errausketaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOS-ek eta erraustegiaren kontrako beste hainbat eragilek oso bestelako iritzia dute, eta hainbat protesta egin dituzte urtean zehar.
Erraustegiak izan ditzakeen ondorio kaltegarriez kezkatuta, Zubieta Lantzen elkarteak erraustegiaren kutsadura neurtzeko ToxicoWatch fundazioko ikertzaileak kontratatu zituen irailean. Donostia, Lasarte, Usurbil, Hernani, Urnieta eta Andoaingo oilategiak eta lursailak bisitatu zituzten, erraustegiarekiko distantzia ezberdinetako laginak jasotzeko. Ingurunearen egoera zein den ezagutu nahi dute, erraustegia piztu osteko datuak ezagutzerakoan, kutsadura mailan aldaketarik egon den jakin ahal izateko.
Bretxako beirateak
Bretxa eremuan lehen merkatua eraiki zutenetik 150 urte beteko dira laster. Ordutik, hamaika eraldaketa izan ditu, eta udalak beste hainbeste plan onartu ditu. Gaur egun, birmoldatze lanetan murgilduta dago eremua, eta aldaketa esanguratsuena Arkuak eraikinean eman da. Alboko hormetan beirate handiak jarri dituzte bi marka handiren nahia beteaz. Aldiz, Bretxako baserritarrek Arrandegi eraikinaren aurrean jarraitzen dute, oraindik ere, eta denboraleek bizi duten egoera are gehiago zaildu dute.