Loretxu taberna itxiko dute urtarrilaren hasieran
Establezimenduaren jabeek lokala saldu nahi dute, eta gaur egungo tabernako arduradunek ezin dituzte berdindu beste batzuen diru eskaintzak.
Parte Zaharreko Loretxu tabernako langileek ohar baten bidez adierazi dute uztera doazela. Hau da, taberna itxiko dute urtarrilaren hasieran. Azken agurra egingo dute urtarrilaren 6an, eguerdian. Hemen duzue oharra osorik:
“Loretxuko adiskideok. Urte batzuk dira gure txoko honetatik saiatu garela donostiarroi eta bereziki Parte Zaharreko auzokoei zerbitzu on eta giro egokia eskaintzen. Zuen aldetik harrera ederra jaso dugu, eta pozik sentitzen gara aurrera eraman dugun taberna tankerarekin: bezeroa ongi hartua, kalitatezko produktuak eta zerbitzu duina. Azken garaietan beste hainbati bezala, orain guri ere gertatu zaigu. Lokal honen jabeek saldu nahi eta, guk ere erosi nahi arren, ezin berdindu beste batzuek eskaintzen dituzten diru kopuruak, tabernako jarduerak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Horrela, 2020ko urtarrilean Loretxu taberna itxi egin beharko dugu, beste inori saldu behar diotelako. Gugana hain sarri hurbildu zareten donostiarroi eskerrak ematea besterik ez dagokigu. Hartzazue besarkada gozoa eta jakin azken agurra urtarrilaren 6an eguerdian ospatuko dugu”.
Esan liteke taberna batengatik "Agur eta ohore"? #Loretxu #AuzoaSalgai pic.twitter.com/XKoOLd5jf8
— Martin Kitto (@martin_kitto) December 29, 2019
Federiko
Duela gutxi Fermin Calbeton kalean ere dagoen Federiko taberna saldu zuten. Gandarias taberna kudeatzen duen familiak eskuratu du. Bestalde, Abuztuaren 31 kalean Alberto taberna zena Hemeretzi Berria da orain. Beti Jai Berria, Nagusia Lau eta berriki La Cueva erosi duen ostalaritza taldearena da. Gastroleku, Garrancho eta El Chileno izeneko batek gidatzen duen enpresa taldeekin batera, Parte Zaharrean establezimenduak eskuratzen ari den laugarren enpresa taldea da.