2020a metroaren proiektuarentzako urte "erabakigarria" izango dela azaldu du Goiak

2020a metroaren proiektua garatzeko urte “erabakigarria” izango dela uste du Eneko Goiak. Udalak urte honetan garatuko dituen proiektuen berri emateko eginiko prentsaurrekoan, alkateak adierazi du datozen hilabeteetan metroaren obrek “jauzi ikaragarria” egingo dutela, horrekin batera, herritarrek hainbat eragozpen jasan beharko dituztela azpimarratuz.
2019an, Topoaren igarobidearen lanek aurrerapen handia izan dutela azaldu du Goiak, eta ibilbide berria egiteko indusketa lanak oso aurreratuak daudela zehaztu du. Eraikuntza lanen garapenak, ordea, are eragozpen gehiago ekarriko ditu datozen hilabeteetan, eta berebiziko eragina izango dute hiriko erdialdean.
Hain zuzen, otsaila hasiera aldera, San Martin kalea itxi egongo da ibilgailu partikularrentzat, Urbieta kaletik aurrera doan zatian, eta soilik garraio publikoaren zerbitzuak igaro ahalko dira hortik. Ekainetik aurrera, berriz, kalearen itxiera erabatekoa izango da ibilgailuentzat.
San Martin kalearen itxierari aurre egiteko “pazientzia handikoak eta zentzudunak izatea” eskatu die Goiak herritarrei. Azaldu duenez, Mugikortasun departamentuak itxierari aurre egiteko plangintza bat prestatu du, eta, obrek iraun bitartean, plangintza horrek “guztion laguntza” beharko duela ere zehaztu du alkateak.