Egiako pasabidea itxi egingo dute apirilean AHTaren geltokiaren obrengatik
Apirilean hasiko dira Abiadura Handiko Trenaren (AHT) geltokiaren obrak, eta horien ondorioz, Egiako pasabidea itxita egongo dela azaldu du Eneko Goia alkateak. Hain zuzen, obrak iraun bitartean, herritarrak trenbideen gaineko pasabidetik igaro beharko dira alde batetik bestera.
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenaren arabera, eraikuntza lanak 42 hilabeteko epean egingo dira, eta Goiak, bere partetik, ez du zehaztu noiz zabalduko duten berriz beheko pasabidea. Hori bai, behin obrak amaituta, pasabideak hobekuntzak izango dituela adierazi du, zabalera handiagoa izango duela azpimarratuz.
Loiolako Erriberako aldageltokia
Alkateak azaldu duenez, mugikortasunari dagokionez, 2020a erabat garrantzitsua izango da Donostiarentzat. Izan ere, bere ustetan, “eskuen artean dugun eraldaketaren zeinu diren hainbat proiektuk aurrerapauso nabarmenak emango dituzte aurten”. Proiektu horien artean, metroaz eta AHTaren geltokiaz gain, Loiolako Erriberako aldageltokiaren proiektua aipatu du Goiak.
Oroimenaren lorategiaren parean kokatuko duten azpiegitura horrek Euskal Trenbide Sarea eta Renferen zerbitzuak lotzea du helburu, eta dagoeneko bere diseinuaren lehen marrazkiak eginak daudela iragarri du alkateak: “2020an proiektua are gehiago definitzea dagokigu, baina jada izan ditu aurrerapen batzuk”.
Goiak adierazi du proiektua “oinarrizkoa” dela Donostiaren mugikortasunarentzat, baina zehaztu du bere garapena Madrilgo egonkortasunaren menpe dagoela, azpiegituraren bultzatzaileak Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia direla gogoratuz.