Altza Herri Ikastetxeko jolastokia berritzeko proiektua onartu dute
Tokiko Gobernu Batzordeak Altza Herri Ikastetxeko jolastokia berritzeko proiektua onartu du. Espazioaren egoera hobetzearekin batera, jolastokiaren altuera mailak egokitu egingo dira, “eremu ezberdinen arteko irisgarritasuna bermatu eta erabilera hobetzeko”.
Proiektuak 378.249 euroko aurrekontua du, eta beste hainbat moldaketa hartzen ditu bere barnean. Haur-eskolan, esaterako, haur-jolasak berrituko dira, eta gimnasioan, berriz, komunetara sartzeko dagoen hesi elektronikoa kenduko dute. Gainera, eskolak bere jolastokietara iristeko eskailera berriak izango ditu.
Jolastoki handiari dagokionez, lurra guztiz eraberrituko dute, bere altuera mailak orekatzeko, eta ikastetxearen bi jolastokien artean dauden harmaila eta eskailerak bota egingo dituzte, berriak jartzeko.
Lanak Herrera ikastetxean ere
Altzako Herri Ikastetxearen berrikuntza lanez gain, Eneko Goia alkateak jakinarazi du Tokiko Gobernu Batzordeak Herrera ikastetxeko kanpoko arotzeria eta fatxadak margotzeko proiektua onartu duela. Gainera, eraikinaren leiho gehienak aldatuko dira, eta bero galerak murrizteko eta erosotasun termikoa hobetzeko helburuarekin. Proiektuak 210.055 euroko aurrekontua izango du.