'Donostiako Alde Zaharra eta Portua: Monumentu Multzoa' erakusketa igandean amaituko da
Azaroaren 26an Mugak Bienalaren barruan inauguratutako Donostiako Alde Zaharra eta Portua: Monumentu Multzoa erakusketa igandean amaituko da. Ancora elkarteak osaturiko bilduma Euskadiko Arkitektura Institutuan (Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan) ikusi daiteke, eta ostiraletik igandera bitarte bisita gidatuak izango ditu.
Erakusketak Eusko Jaurlaritzak Donostiako gune historikoa monumentu-multzo izendatu izana ospatzea du helburu, bisitariei haren berezitasunen berri ematearekin batera. Eraikin berezien 330 argazki eta planotik gora ditu, eta baita Parte Zaharreko aspaldiko bizimodua irudikatzen duen dokumental bat ere. Gainera, herritarrek Pedro Ugartemendia arkitektoak 1814an diseinaturiko Parte Zahar “utopiko” baten maketa bat ere ezagutu ahal izango dute.
Bisita gidatuak doakoak dira, eta horietan parte hartzeko nahikoa da bienalaren webgunean izena ematea. Euskarazko bisita larunbatean izango da, 12:30ean, eta gaztelaniazkoak, berriz, ostiral, larunbat eta igandean, 19:00etan.