Aita Mari eta Arrantza Eskola omendu ditu Aquariumak
Bi urteurren garrantzitsu ospatu ditu Donostiako Aquariumak portuan. Batetik, 108 urte bete dira Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak estatuko lehen arrantza Eskola sortu zuenetik. Bestetik, 154 urte pasa dira Jose Maria Zubia, Aita Mari arrantzale eta marinela hil zenetik.
Arrantza Eskola eta Aita Mari zenaren omenez, lore eskaintza egin dute Jose Ignacio Espel Aquariumeko zuzendariak eta Alejandro Larrode Aquariumeko Museo Saileko koordinatzaileak. Eskolarena San Pedro elizan egin dute, eta Aita Marirena kaian duen bere eskulturan.
Arrantza Eskola
1912ko urtarrilaren 9an Arrantza Eskola inauguratu zen Donostiako kaian dagoen Itsastarren San Pedro elizako Eskola-aretoan. Inauguraziora 15 eta 33 urte arteko 38 arrantzale bertaratu ziren, eta lehendabiziko ikasgaia jaso, euskaraz eta gaztelaniaz, Matxitxako eta Capbreton arteko itsasargi eta portuko argiei buruz. Marrazkia eta kaligrafia, lurrunaren mekanika eta metereologia ziren ikasgai batzuk, eta gerora irakurtzeko, idazteko eta matematikako lau eragiketak jakiteko oinarrizkoak batu zitzaizkien, arrantzale askok ez baitzekozkiten. Urte bukaeran hirurogeita hamar ikasle agertzen ziren.
Aita Mari
Txikitan sartu zen arrantzaren munduan Jose Maria Zubia Aita Mari, bajurako arrantza patroi bilakatuz donostiako portuan. Donostian eta euskal kostaldean famatu bihurtu zen bere patroi lanetan inongo interesik gabe ekaitzen ondorioz arazo eta arriskutan zeuden arrantzaleei laguntzeagatik. Bere itsasontzia beti prest azaltzen zen itsasoan galdutako arrantza ontziak laguntzeko orduan, 1861ko uztailaren 22an gertatu zen bezela. Gipuzkoako kostaldean bat batean sortutako galerna haundi baten eraginez, Aita Mari txalupan patroi lanetan, erreskate lanetara atera ziren txalupa batetako 3 tripulante erreskatatzera. Ekintza honen ondorioz Itsas Benefizentziaren Gurutze Handiaren jabe izan ziren.