Protesta egin dute erraustegirako martxako kideen aurkako epaiketaren bigarren saioan
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak elkarretaratze berri bat egin du goizean Donostiako epaitegiaren aurrean. 2018ko irailean Zubietako erraustegirako martxan parte hartu zuten lau herritarren aurkako prozesu judizialaren aurka bildu dira, haietako bik epailearen aurrean deklaratzen zuten bitartean.
Auzipetuei desordena publikoak eragin izana leporatzen diete, Ertzaintzak haien aurka jarritako salaketaren harira. Abenduan, beste bi lagunak pasa ziren epaitegitik, eta, orduan ere, hainbat herritarrek protesta egin zuten eraikineko sarreran. Kasu hartan, biek adierazi zuten haiek martxan parte hartu zutela, baina ez zirela antolatzaileak izan eta ez zutela leporatzen dietena egin.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, bere partetik, hainbatetan salatu du auzi honek erraustegiaren aurkako protesta soziala zigortzeko helburu politikoa duela.