Aitor ikastolak eman du pausoa
Haur danborradak, lehen aldiz, ez du Easo Ederraren eta Ohorezko Damen pertsonaiarik izango. Egiako ikastetxearen erabakia hausnarketa prozesu baten emaitza da.
Hasiera batean Easo Ederra mutila izatea adostu zuten, baina Donostiako Udaleko Festak sailak pertsonaia kentzeko aukera eman zien. Azkenik, horren alde egin eta erabaki aitzindari zein historikoa hartu dute.
Tradizio zaharra aldatu eta egokitzeko urratsa egin du Aitor ikastolak Donostiako Udaleko Festak sailaren oniritziarekin. Hilaren 20ko desfileak ez du Easo Ederraren ezta Ohorezko Damen pertsonaiarik izango. Zozketa bidez egokitu zitzaion Egiako ikastetxeari haur danborradako pertsonaien aukeraketa, eta ohiturak aldatzea posible dela erakutsi nahi dute. Horrela, 1927an estreinakoz atera zen Easo Ederraren figura ez erabiltzea adostu dute. Bederatzi bat gurasok osatzen dute batzordea, eta beraiek aukeratu dute Easo Ederraren funtzioak beteko dituen ordezko pertsonaia. Udalak urtarrilaren 14an argituko du zein izango den. IRUTXULOKO HITZAk Amaia Aizpuru, Mikel Peluaga eta Antton Arizmendi batzarkideekin hitz egin du.
Urria hasieran eman zuen telebistan primizia batzordeko kide Peluagak: «Haur danborradaren ordena aldatzearen aldeko hainbat kide gonbidatu gintuzten telebista saio batera. Horri buruz ari ginela, eta ordenak tradizioarekin lotura duenez, adierazi nuen Easo Ederra mutila izateko asmoa zuela Aitor ikastolak». Horrek berehalako oihartzuna izan zuen. «Erabaki bat hartu aurretik, prentsan irakurri genuen Easo Ederra mutila izatea adostu genuela», gaineratu du Arizmendik.
Egun gutxira bilera bat egin zuten Festak sailarekin, eta aukera berri bat jarri zieten mahai gainean. «Festak sailak esan zigun ez zela beharrezkoa Easo Ederraren eta Ohorezko Damen pertsonaiak erabiltzea. Aspaldi egindako bilera batean erabaki omen zuen», azaldu du Arizmendik. «Udalak ez du inoiz esan Easo Ederra kendu zitekeenik. Betidanik egon da pertsonaia hori desfilean damekin batera. Azken urteetan pertsonaia gehiago sartu dituzte desfilean, baina 2019ko erabakia da Easo Ederra eta damak kentzeko aukera. Bileretako batean udalak adierazi zuen Easo Ederra mutila izan zitekeela, baina ez kendu zitekeela», nabarmendu du Peluagak.
Azkenik, urriaren 10ean, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adostu zuen bost urteko epean Easo Ederraren pertsonaia desagertzea. Aitor ikastolako gurasoek uste dute beraiek iragarritako albisteak lotura duela udalaren erabakiarekin. «Dena dela, pozgarria iruditzen zaigu. Egia da ere bost urte horietan beste konpainia batek aukera duela Easo Ederraren eta Ohorezko Damen pertsonaiak berreskuratzeko», esan du Aizpuruk. «Pertsonaia kentzeko eskaera haur danborradan parte hartzen duten konpainien eskaera dela esan zuen udalak, eta hori ez da horrela. Festak sailaren hausnarketa propio bat izan da», gaineratu du Peluagak.
Erabaki azkarra
Aitor ikastolako haurren danborradako batzordeak argi zuen zozketa tokatzekotan egingo zuena. «Gure artean erdi txantxetan esaten genuen zerbait da, baina argi genuen gure Easo Ederra mutila izango zela», gogoratu du Peluagak. Ordea, Festak sailak egindako proposamenak ideia hori irauli zuen, eta erabakia nahiko azkar hartu zutela dio Aizpuruk: «Easo Ederra mutila izatea gauza bera zela konturatu ginen, generoari loturiko estereotipo horiek zituela, eta horrekin apurtu nahi genuen. Ikastetxeetan berdintasuna eta parekidetasuna lantzen ari gara, eta ez du logikarik pertsonaia hori mantentzeak. Protagonista ez da neska edo mutil ederrena izan behar. Edozein donostiar izan daiteke».
Donostiako Udalak ontzat jo du Aitor ikastolaren erabakia, eta «modu naturalean hartu beharrekoa» dela nabarmendu du Kultura, Euskara eta Festetako zinegotzi Jon Insaustik. «Gizarteak baditu bere usadioak, denborak aurrera egin ahala aldatzen edo garai bakoitzari egokitzen direnak. Askotan, festak izaten dira gizarte batek bere ohiturak adierazteko dituan moduak; ondare higiezina da. Danborrada horren adierazle bikaina da, garai bakoitzean bere aldaketak jaso dituelako».
Insaustik gertutik jarraitu du Aitor ikastolaren eta Festak sailaren arteko elkarlana. «Lehenik eta behin esan behar da bien arteko harremana ona izan dela, eta Festak sailak ikastolari eskainitako arreta txukuna izan dela. Bestalde, ezin da ukatu horrelako erabakiek elkarrizketa eta debate dezente sortzen dituela gure hirian, gainera, batzuetan gehiegizko garrantzia ematen diegu. Hasieratik esan zitzaion ikastolari eta antolatzaileei erabakitzen zutenarekin guk aurrera egingo genuela».
Ziklo bat ixtera doa
2011n haur danborradak 50 urte bete zituenean udalak liburu bat plazaratu zuen historia eta garapena jasotzen dituena. Insaustik gogora ekarri nahi izan du Easo Ederrari eskaintzen dion atala: «Jatorrian lehiaketa bat egiten zen hiriko neska ederrena aukeratzeko, eta hau izaten zen hiriko festa guztien erregina. Aldatzen joan zen honen izaera, jakina. Garai batean ere elkarte batek hautatu izan du neska modu zuzenean. Azkenik, 1976an udalak bere gain hartu zuen ardura, eta ordutik aurrera hasi ziren ikastetxeen zozketak».
Gaur egun ez dago lehiaketarik neska ederrena hautatzeko, baizik eta zozkatu egiten da Easo Ederraren pertsonaia gainerakoekin batera, eskola bakoitzean. «Baina ezin da ukatu erreginaz janzten dugula aukeratutako pertsona: koroa, banda, kapa, soinekoa, … Beraz, jatorria ezagututa, eta honek izan duen bilakaera, bakoitzak atera ditzala ondorioak», azaldu du Insaustik.
Bost konpainia falta dira zozketaren zikloa ixteko: Zurriola ikastola, Santa Teresa, Errekalde Gastronomia Elkartea, Mendiola eta Harri Berri Oleta. Insaustik aurreratu duenez, horietatik batzuek ez dute zozketan parte hartuko: «Danborrada txikiak dira, eta desfilean parte hartzearekin konformatzen dira. Beraz, datozen urteetarako eskola gutxi gelditzen zaizkigu zozketan parte hartzeko. Orain arte bezala, eskola bakoitzak erabaki dezake zein pertsonaia nahi dituen atera, Easo Ederra barne. Festak sailak gogoeta egin behar du, eta posible den heinean hausnarketa partekatua eduki behar du parte hartzen duten eskolekin. Dena dela, etorriko dena zer izan daitekeen argi ikusten da».
Insaustik argi dauka Easo Ederraren pertsonaia desagertuko dela. Ordea, ez dago batere garbi zeinek hartuko duen haren lekua. «Orain arte Easo Ederrak eta Jeneralak izan dira protagonistak, baina aldaketak pixkanaka etorri dira. Azken urtetan alkateak eta notarioak hartu dute garrantzia. Gure iritziz gizartea ordezkatzen duen pertsonaiak izan beharko luke, orain egiten den moduan. Alkate mutil edo neskak ondo ordezkatzen du ideia hori. Garai bateko pertsonaia errealak dira, eta gaur egun ere badira gizartearen ordezkari». Aitor ikastolako gurasoek ez dute bat egiten udalaren proposamen horrekin. «Udalaren borondatea da agintari izaera mantentzea pertsonaia horrek, eta gu ez gaude ados. Aurtengo haur danborradarako hartu dugun erabakia nahiago dugu», azpimarratu du Arizmendik.
Hurrengo pausoa
Alderdi Ederretik ateratzen den haur danborradaren ordena aldatzea du helburu Aitor ikastolak. 42. konpainia izanik berandu ateratzen dira, eta ordurako kaleak hutsak topatzen dituzte. «Ikastetxeen antzinatasunaren araberakoa da ordena. Horrela, ikastetxe pribatu boteretsuenak doaz aurrean. Gure batzordeak urteak daramatza lanean ordena aldatzeko, eta azken bi urteetan beste konpainia batzuekin elkartu gara. Udalak dio arrazoia dugula, baina ordenaren aldaketa hausnarketa baten emaitza izan behar dela, eta ez inposaketa bat», esan du Aizpuruk.
Festak sailak konpainien bilera bat antolatu zuen ordenaren inguruko bozketa bat egiteko. Gehiengoa gaur egungo ordena mantentzearen alde agertu zen. «Gure ustez, ordea, bozketa ez zen behar bezala egin, aldaketaren proposamenik ez zelako mahai gainean jarri. Horrela ere, %40 agertu zen aldatzearen alde. Lanean jarraituko dugu ordena aldatzeko», dio Peluagak. Aurten azkenak aterako dira Alderdi Ederretik, karrozarekin batera.