Haur danborrada: 80ko hamarkadan hasi zen idazten parekidetasunaren historia
Donostiako kaleetan, lehen aldiz, 1927ko urtarrilaren 20an desfilatu zuen haur danborradak. Ordea, 1985. urtera arte neskek ez zuten desfilatu danborra edo barrila jotzen, eta 1995ean izan zen estreinakoz neska bat Danbor Nagusia.
Urtarrilaren 20an ospatzen den San Sebastian eguna berezia da donostiarrentzat, eta bereziki haur danborradan parte hartzen duten konpainia zein ehunka neska-mutilentzat. Alderdi Ederretik abiatzen den desfilea hiriaren ikurretako bat da. Lehen haur danborrada Euskal Billerarena izan zen. 1927ko urtarrilaren 20an, goizeko hamaiketan, atera zen eta Konstituzio plazara abiatu ziren. Udaletxearen aurrean, danborradaren ohiko martxak interpretatu zituzten.
Espainiako gerraren eraginez etena egin ondoren, desfileak berriro egiten hasi ziren. 1961ean gaur egun ezagutzen den formatuan egin zen haur danborrada. 8 eta 12 urte arteko 300 haur inguruk parte hartu zuten. Urteekin jatorrizko haur danborrada zabaldu zen, eta konpainia berriak sortu ziren.
Mugarriak
1984ko azaroan Kultur eta Turismo Ekintzetxeko Zuzendaritza Batzordeak ikastetxeek egindako proposamena onartu zuen. Horren arabera, neskek haur danborradan parte hartzea onartu zen «baldin eta euren sexua bereiziko dituzten xehetasunak (ile luzea eta belarritakoak) ezkutatzen badituzte». Horrela, 1985eko desfilean neskak danborradan danborra edo barrila jotzen hasi ziren.
Bi urte beranduago, 1987an, lehen aldiz neska batek bere ikastetxeko haur danborrada zuzendu zuen. Hain zuzen ere, Axular Lizeoko Eunate Eizagirrek. 1995ean, berriz, estreinakoz neska bat izan zen Danbor Nagusia; San Jose de Calasanz ikastetxeko Saioa Iranzo.
2012an Donostia Festak sailak pertsonaia berriak sartu zituen haur danborradan: batelaria, urketaria, inudea, irulea eta palafrezaina. Era berean, aldaketak egin zituzten karrozan. Ordura arte, karrozan neskak baino ez ziren joaten: Easo Ederra eta Ohorezko Damak, Donostiako emakumeen edertasunaren adierazgarri gisa. Ordutik aurrera, ordea, parte hartzea zabaldu eta karrozaren osaera eguneratu zuten, pixkanaka, generoko estereotipoak festatik ezabatzeko. 2012an ere lehen aldiz neska bat izan zen jeneralaren laguntzailea, eta urtebete beranduago neska bat izan zen jenerala.
2014an hiritarraren pertsonaia sortu zuten, eta hurrengo urteetan karrozara batu ziren artzaina, mandazaina, notarioa, merkataria eta arrantzalea. Hiriaren festa giroaren eta XIX. mendean zeuden ofizio batzuen ordezkariak dira, eta neska zein mutil izan daitezke. Azken berrikuntza 2018an egin zuten: emakume alkatearen pertsonaia. XIX. mendeko inauterietatik ateratakoa da.