Mugikortasunean 2020a "erabakigarria" izango dela dio udalak
Urtea hastearekin batera, 2019aren balorazioa egin du Eneko Goiak, eta udalak 2020rako dituen erronka nagusiak azaldu ditu. Horietatik, azpimarragarrienak izango dira mugikortasun proiektuak.
Alkateak 2019aren balantze “positiboa” egin du, eta baieztatu du hiriak “jauzi kualitatiboa” egiteko hainbat proiektu martxan jarri eta amaitu direla. Gaineratu du 2020a urte garrantzitsua izango dela abian dauden horientzat, zein hasi gabe dauden beste hainbatentzat, besteak beste, honakoentzat: Altzako kiroldegia, Matigoxotegiko futbol zelaia, Yoldi kiroldegia, Zubietako hockey zelaia, Anoetako miniestadioa, Antxo Jakitunaren lanen amaiera eta Loiolako bulebarizazioaren lanen jarraipena. Horiez gain, apustu berezia egingo du udalak mugikortasuneko proiektu handien alde.
Metroaren proiektuari dagokionez, alkateak adierazi du datozen hilabeteetan obrek “jauzi ikaragarria” egingo dutela, eta, horren ondorioz, herritarrek hainbat eragozpen jasan beharko dituztela azpimarratu du. 2019an, Metroaren igarobidearen lanek aurrerapen handia izan dutela azaldu du Goiak, eta ibilbide berria egiteko indusketa lanak oso aurreratuak daudela zehaztu du. Eraikuntza lanen garapenak, ordea, are eragozpen gehiago ekarriko ditu datozen hilabeteetan, eta eragina izango dute, batez ere, hiriko erdialdean.
Hain zuzen, otsaila hasiera aldera, San Martin kalea itxi egingo dute ibilgailu partikularrentzat, Urbieta kaletik aurrera doan zatian, eta soilik garraio publikoaren zerbitzuak igaro ahalko dira hortik. Ekainetik aurrera, aldiz, kalearen itxiera erabatekoa izango da ibilgailuentzat. San Martin kalearen itxierari aurre egiteko, Goiak “pazientzia” eskatu die donostiarrei, baita “zentzudun” izateko ere: “San Martin kalea uztailean itxiko da, eta Mugikortasun sailak plangintza prest du itxierari aurre egiteko, hain zuzen ere, guztion laguntza beharko duen plangintza”.
Abiadura Handiko Trena
Joan den abenduan, Donostiako Abiadura Handiko Tren geltokiaren lanak lizitatu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta udalak jakinarazi duenez, apirilean hasiko dira AHTaren geltokiaren obrak. Atotxako geltokia izango da EAEko hiru hiriburuetan eraikiko direnen artetik lehena, eta gaur egungo geltokiaren arkitekturan eta Tabakaleraren ingurunean integratuta egongo da. Aldi berean, hainbat garraiobideren arteko konexioa sustatuko du: aldirietako trena, AHTa eta autobusak.
Lanen ondorioz, Egiako pasabidea itxita egongo dela azaldu du alkateak, eta, obrek iraun bitartean, herritarrak trenbideen gaineko pasabidetik igaro beharko dira alde batetik bestera. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenaren arabera, eraikuntza lanak 42 hilabeteko epean egingo dira, eta Goiak, ez du zehaztu noiz zabalduko duten berriz beheko pasabidea. Hori bai, behin obrak amaituta, pasabideak hobekuntzak izango dituela adierazi du, zabalera handiagoa izango duela azpimarratuz. Obrak egin bitartean, trenen trafikoa mantenduko dute, eta, aldi berean, erabiltzaileei zerbitzu egokia eman beharko diete. Horretarako, behin-behineko geltoki bat eraikiko dute egungo eraikinaren parean, eta Nestor Basterretxea plazatik sartuko da hara.
Eraldaketaren zeinuak
Goiaren iritziz, bi proiektu horiek hiriko mugikortasuna “erabat aldatzeko eta mugikortasunaren eskemaren diseinuak aurrera pausoak ematen jarraitzeko” aukera emango dute. Halaber, uste du hiriaren «eraldaketaren zeinu» diren proiektuak izango direla. Metroaz eta AHTaren geltokiaz gain, proiektu «eraldatzaile» horien artean dago Loiolako Erriberako aldageltokiaren proiektua.
Oroimenaren lorategiaren parean kokatuko dute azpiegitura hori, eta bere helburua izango da Euskal Trenbide Sarea eta Renferen zerbitzuak lotzea. Dagoeneko bere diseinuaren lehen marrazkiak eginak daudela iragarri du alkateak: “2020an proiektua are gehiago definitzea dagokigu, baina jada izan ditu aurrerapen batzuk”. Goiaren ustez «oinarrizkoa» da Donostiaren mugikortasunarentzat, baina zehaztu du bere garapena “Madrilgo egonkortasunaren menpe” dagoela, azpiegituraren bultzatzaileak Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia direla gogoratuz.
Bizikletari ere protagonismoa eman nahi dio aurten udalak. Urteko lehen seihilekoan dBizi zerbitzu publikoaren lizitazioa egingo dute, eta horrek sistema misto bat jartzeko aukera ahalbidetuko du, bizikleta zein geltoki gehiagorekin, eta auzo guztietara “modu progresiboan” zabalduz. Gainera, Altza eta Larratxoren arteko, eta Kursaala eta Bulebarraren arteko bidegorri zatien diseinua garatuko dute. “Horrek bidegorri sarea handitzea eta hobetzea ekarriko du”, gaineratu du alkateak.
Azkenik, 2020rako aurreikusita dauden, eta mugikortasunarekin lotura duten beste hainbat proiekturen berri ere eman du Donostiako Udalak: Autobus Elektriko Adimentsua 17. linean jartzeko proiektuaren diseinua eta definizioa –Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean–; Marrutxipiko lotunea sortzeko proiektuaren onarpena; Taxien ordenantza berriaren onarpena; eta Amara Berriko Isabel II.aren hiribidea oinezkoentzat egiteko lanen hasiera.