"Mila esker bizitza gozoagoa egiten utzi diguzuen guztioi"
Iritsi da eguna. Parte Zaharreko Izar gozo-dendak bere ateak itxiko ditu. 71 urteko historia bukatzera doa. Dena dela, Martuteneko lantokia zabalik mantenduko dute.
Kale Nagusiko sarreran leku gozo eta seinalatu bat dago. Antzoki Zaharraren parean topa daiteke, eta 71 urtetan pertsona askoren bizitzak gozoago egiten saiatu dira. Ordea, gaur, hilak 12, bere ateak itxiko ditu Izar gozo-dendak. Arrazoiak hainbat dira; gozogintzako produktuen salmenten beherakada, langile batzuen epe ertaineko erretiroa, eta batez ere, lokalaren jabeak beste asmo batzuk dituela. Miren Beldarrain da dendan denbora gehien daraman langilea.
Eta orain zer?
Egia esan, dena oso azkar joan da itxiko genuela iragarri genuenetik. Lan asko izan dugu ordutik, eta Gabonetan nabaritu dugu gehien. Lasaiago gaudenean ikusiko dugu, eta orduan hausnartuko dugu beste zerbait egiterik dagoen. Dena dela, esaten ari gara 27. industrialdean dugun gozogintzako lantokia mantenduko dugula. Eskaerak jasotzen jarraituko dugu, eta gainera, etxez etxeko zerbitzua jarriko dugu abian Donostian. Dendara datozenei bi telefono ematen ari gara. Batetik, dendakoa mantenduko dugu (943 42 34 38), eta bestetik, lantokikoa (943 46 15 77).
Zer gertatuko da dendako langileekin?
Nik 41 urte daramatzat hemen lanean, eta pentsa, 14 urterekin hasi nintzen. Gure kotizazioak ditugu, eta adin desberdinetakoak gara. Bakoitzak berea begiratuko dugu, eta ikusiko dugu.
Eskerrak emateko mezua jarri duzue dendan, baina bezero asko triste daude.
Soilik esker oneko hitzak ditugu, bihotzetik diot. Maitasun eta esker oneko mezu asko jaso ditugu bezeroen partetik. Bagenekien hau gerta zitekeela. Bizitza horrelakoa da, eta onartu egin behar da. Azken batean, garaiak aldatzen dira, eta uste dut hoberako izango dela. Horregatik, baikorra da zabaldu nahi dugun mezua. Mila esker bizitza gozoagoa egiten utzi diguzuen guztioi!
Pasa berri diren Gabonak izan dira zuen azkenak. Agurtzeko aproposenak?
Egia esan, pozgarria da izandako babesa eta salmenta kopurua. 5.000 errege opil inguru salduko genituen. Azken egunetan ere dendara ekarritako gehienak saldu ditugu. Ikaragarria izan da.
Atzera begira jarrita, zer da nabarmeduko zenukeena?
Esan bezala, bezeroen esker ona. Psikologia ikasketak egin ditut denda honetan, oso aberasgarria izan da bezeroekin lau hamarkadatan izandako harremana. Denetarik ikusi eta ikasi dut. Bestalde, mundu osoko pertsonak etorri dira gure dendara. Gabonetan atzerriko txartel bat jaso genuen eskerrak emateko, eta harrituta geratu ginen. Ez dugu hau dena desagertzerik nahi, baina momentua iritsi da. Oso harro gaude egindako lanarekin, eta hemendik aurrera lantokian jasotzen ditugun eskaera guztiak hartzen saiatuko gara.
1949an zabaldu zuten Izar gozo-denda, eta 70 urteren ostean, urtarrilean itxiko dute. Hortensia Izar de la Fuente izan zen saltokiaren sortzailea, eta azkenaldian hamahiru langilek osatu dute lan-taldea. Parte Zaharrean ez ezik, hiri osoan ezaguna eta miretsia da gozo-denda, urtetan eskainitako produktu artisauen kalitatea dela eta.