Errekatxulon 260 zuhaitz landatu ditu Haritzaldek
Añorgan bertako zuhaitzak landatzeko ehun bat pertsona elkartu ziren pasa den larunbatean. Errekatxulo errekastoa berreskuratzea du helburu Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, eta horretarako ibaiertzeko basoa birlandatu nahi dute. Momentuz, ezkerraldean haritzak, lizarrak eta gereziondoak landatu dituzte.
Elkartekoak lanean ari dira Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Donostiako Udalak elkarlanean kanalizaturiko erreka lehengoratu eta naturalizatu dezaten. “Udalaren ekimenez errekasto berean, beherago, URAk asmo horrekin dihardu eta lehen metroak naturalizatu ditu, eskubialdean gainera anfibioentzat putzu bat eraikiz”, azaldu du Haritzaldek. Izan ere, hori bera egitea nahi dute errekastoaren goiko aldean.
“Zuhaitzak eta basoak, bertakoak, ezinbestekoak ditugu, are gehiago bizi dugun larrialdi klimatiko eta ekologiko honetan. Geratzen zaizkigun berdeguneak babestu behar ditugu eta de- gradaturiko eremuak berreskuratzeko ahalegin berezia egin beharra dago. Zuhaitzek uste baino gehiago ematen digute. Berdeari bizitza dario eta gu biodibertsitate horren parte bat garela ezin dugu ahaztu”, azpimarratu dute.
Giro onean
Zuhaitz landaketarekin goizeko lehen orduan hasi ziren, eta familia zein herritar ugari elkartu ziren Errekatxulon. “Bihotz bihotzez mila esker atzo laguntzera hurbildu ziren guztioi. Gustura asko ibili ginen eta goiz zoragarria izan zen”, adierazi dute. Era berean, Juantxo tabernari eskerrak eman dizkiote “hamaiketako goxoa” prestatu zietelako.
Hainbat elkartetako eta herri mugimenduetako jendea ere gerturatu zen babesa agertzera: Fridays For Future, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Donostia Defendatuz eta Naturkon.
Aurrera begira, Añorgaren aspaldiko aldarrikapen bat egi bihurtu nahi du Haritzaldek: “Belartza Goikoak eta Errekatxulok Unanue Landa Parkeko zati izan behar dute eta parkea legealdi honetan egi bilakatu nahi dugu”.