Ezustekoa eman du Ibaeta Basketek liderraren aurka irabaziz
Azu Muguruzaren taldeak sekulako sorpresa eman zuen atzo Gironan, ligako liderraren aurka irabaziz. Donostiarrek gogotsu egin zuten salto zelaira, eta defentsa bikain batekin, katalanen aurkako lehiari eustea lortu zuten partida osoan zehar. Baina ez hori bakarrik. Neurketaren azken segundoan, bi taldeak 53 punturekin berdindurik zeudela, Cousseinsek aurkariak ezustekoan harrapatu zituen eta, jokaldi eta saskiratze ikaragarri batekin, donostiarrei euren seigarren garaipena eman zien.
Ibaeta Basket ez da, baina, asteburu on bat izan duen hiriko talde bakarra. Izan ere, talde donostiar guztiek lortu dute garaipena asteburuko jardunaldietan. Izotz hockeyan, esaterako, Txuri Urdinek Uharteren aurkako derbia irabazi zuen, eta eskubaloian, berriz, Bera Berak Malaga erraztasunez garaitu zuen.
Futbolean, Valentziaren aurka jokoan zeuden hiru puntuak Zubietan uztea lortu zuten Realeko neskek, eta mutilek, berriz, kopako kanporaketan aurrera egin zuten Ceutaren kontrako garaipen sendoari esker.
Arraunean, Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldia jokatu zen Urumea ibaian. Egunari etekin handiena atera ziona San Juan izan zen, hiru garaipen lortu zituelako: mutilen Haur Mailan, nesken Promesa Mailan, eta mutilen Gazte Mailan (bigarren postua ere eskuratu zuten maila horretan). Hona hemen emaitzak.
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
- Uni Girona CB 53 – 55 Ibaeta Basket
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen senior maila, 15. jardunaldia
- Txuri Urdin 6 – 1 Uharte
ESKUBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Bera Bera 33 – 23 Malaga
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
- Reala 1 – 0 Valentzia
Kopa, bigarren txanda
- Ceuta 0 – 4 Reala