Urteko lehen Donostiatruk azokak musika emanaldia izango du
Larunbatean egingo dute urteko lehen Donostiatruk bigarren eskuko azoka. 10:00etatik 14:00etara izango da Amarako Easo plazan. 11:00etan, berriz, Iñaki Zudaire Easo Musika Eskolaren saxofoi jotzaileak zuzenean joko du. Bestalde, Egia auzoko Km0 jatetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko dute azokan erosketaren bat egiten dutenen artean.
Donostiatruk Donostiako Ogasun eta Ingurumenaren Zuzendaritzak antolatzen duen bigarren eskuko objektuen azoka da. 40 postutik gora jartzen dira eta bertan, adibidez, arropa, jostailuak edo liburuak topatu daitezke. Eskuratu ez ezik, salgai ere jar daitezke gauzak. Antolatzaileen postura eraman daitezke egunean bertan 9:30etik 10:00era bitartean. Gehienez bost objektu utz daitezke.