Haziei buruzko bi liburu argitaratu ditu Cristina Enea Fundazioak
Cristina Enea Fundazioak haziei buruzko bi argitalpen berri argitaratu ditu Haziera proiektuaren bidez: Bidaia hazizale baten kronika eta Diagnostikoa: Tokiko hazi eta barietateen erabilera Gipuzkoako baratzezaintza agroekologikoaren sektorean. Biak ala biak fundazioaren webgunean eskura daitezke euskaraz zein gaztelaniaz.
Lehenak, Keloren historia kontatzen da. Hamabost urtez Uztaro Kooperatiban barazkiak lantzen aritu ondoren, hazi ekologikoak ekoizteko eta merkaturatzeko proiektu berri bati ekitea erabaki du. Alekak, Keloren proiektu berriak, Gipuzkoako lurraldean hazi-ekoizleen sare txiki bat sortzea du helburu. Beizamako Amenabar Behekoa baserriko baratzeak (bertan bizi da Kelo familiarekin), Alekaren “ekoizpen zentroa” dira. Erronka da berak jarduera horretan soilik jardun ahal izatea lortzea, baina baita haziak ekoiztera animatzen diren beste nka ekologikoei ateak irekitzea ere, barazkien ekoizpena osatzeko modu gisa.
Bigarrenak, berriz, Gipuzkoako baratzezaintza ekologikoko lanketan tokiko barietateen erabilerari eta hazien ugalketari buruzko hurbilketa eskaini nahi du. Hazierak, hazien artxiboko zaintzaileekin egiten dituen jardueretatik harago, gure lurraldean landatutako biodibertsitatearen egungo egoeraren inguruan hausnartzeko materialak eskaintzen ditu.
Haziera proiektua
2012az geroztik Cristina Enea Fundazioak nekazaritzaren eta elikaduraren egungo egoeraz hausnartzeko asmoz sortu eta bultzatutako Haziera proiektuak haziak eta ezagutzak trukatzeko gunea eskaintzen du. Landutako biodibertsitatearen alde eta nekazaritza eskala txikian mantentzeko interesa duten pertsonen eta erakundeen arteko topagunea da.
Agroekologiaren munduan murgildu nahi duten pertsona guztiei zuzendutako jarduerez gain, hala nola haziak ateratzeko tailerrak, hazilekua sortzeko jarduerak edo baratzea zaintzeari buruzkoak, ekimenak ezagutza agroekologikoa sustatzen du, gai agroekologikoaren alderdi interesgarrienak jorratzen dituzten eskuliburuak, azterlanak eta gainerako lanak aldizka argitaratuz.