Gerraosteak emakume aurpegia duenean
‘Beanpole’
Zuzendaria: Kantemir Balagov
Urtea: 2019
Herrialdea: Errusia
Kantemir Balagov zuzendari errusiar gazteak iraganera eraman gaitu berriro ere bere bigarren film luzearekin. Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zuen opera prima-rekin –Tesnota (2017)– 1998. urteko Errusiako iparraldeko Kaukaso errepublikara bidaiatu bagenuen, aurten Zinemaldiko Perlak sailean lehiatu den Beanpole filmak 1945. urteko Leningradora eramango gaitu. Hor, Bigarren Mundu Gerra amaitu berri denean, miseria gorrian bizi den gizartearen erretratu gordina eskainiko digu, bi emakumeren adiskidetasunari buruzko istorio gogor honen bidez.
Leningrado hiria guztiz suntsituta dago, baita horkoen bizitzak ere. Iya, esaterako, erizaina da eta ospitalean egiten du lan. Bere osasun egoera dela eta, ezin izan du frontean borrokatu: konortea galdu eta izoztuta gelditzen da gutxien espero duenean. Gainera, bere lagun Masharen semea zaintzeko ardura du, eta ahalegin handiak egin behar ditu beste «familia» hau ere aurrera ateratzeko.
Masha frontetik itzuliko denean, semea hilda aurkituko du, eta, bizitza berregitearren, ama izan nahiko du berriro ere. Berez ezin duenez, Iyari ume bat zor diola leporatuko dio eta honek bere eskura duen baliabide bakarra eskainiko dio: bere gorputza. Azken finean, gerraondoko giro goibel eta ustelean, batak besteari eskainitako babesak besterik ez ditu salbatuko.
Balagov, zuzendaria, Svetlana Alexievichen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan oinarritu zen istorioa idazteko, muturreko egoera eta gertaera ugari biltzen baititu. Eta filmaren bizkarrezurra Iya eta Masharen harremana bada ere, pertsonaia guztien erretratu sendoak eraiki ditu. Horrela, hondamendi artean, norabidea galdu duen gizarteari buruzko hausnarketa eskainiko du.
Krudelkeriak eta zoritxarrak muga guztiak gainditu dituenean, printzipioak alde batera utzi eta edozein aukera aprobetxatzearen beharra, itxaropen izpi batekin ere zoriontasuna lortu daiteke eta. Nor gara gu inor epaitzeko? Filma narratiba aldetik gogorra bada ere, errepikakorra suertatzen da tarteka: protagonistek berri on bat jasotzen duten bakoitzerako bizpahiru ezbehar irentsi behar…
Hori bai, Balagov trebea da oso filmak irauten duen bi ordutan zehar tentsioa mantentzen, ekaitza iritsi baino lehen dagoen barealdi faltsua jasoz. Iya eta Masharen arteko isiltasun luzeak esanahiez beteta daude eta pertsonaien begiradetan emozio ugari igarri daitezke: nahigabea eta amore emateko nahia gehienetan, baina amatasunak eskainiko dien bizitza berri baten itxaropena ere. Kontraste hutsa.
Eta Beanpole-ren argazkian ere kontrasteak dira nagusi: Ksenia Seredak, argazki zuzendariak, argi epelen erabileraren bitartez pertsonaien gogortasuna leundu eta eztitzen du eta Sergei Ivanovek, diseinu arduradunak, hondarrez beteriko Leningrado hirian kolore berde eta gorriak nagusitzen ditu, irudi bakoitza margolana bihurtuz. Eta hauxe da, dudarik gabe, filmaren berezitasun nagusia: plano bakoitzaren edertasuna. Baina, tamalez, estetikaren indarrak hasieran besterik ez du txundituko ikuslea, eta indarra galtzen joango da pixkanaka, istorioak aurrera egin ahala.
Aitortu beharra daukat, filma geldoa iruditu bazait ere, hainbat irudi ezin izango ditudala burutik kendu. Bere bigarren filma da, baina dagoeneko bitan eskuratu du Cannesko Zinema Jaialdiaren Un Certain Regard saileko zuzendari onenaren saria, bai Tesnota (2017) bai Beanpole (2019) filmekin. Eta hau, zuzendari gazte honen ibilbidearen hasiera besterik ez da…