Perkusioak oholtza beteko du 2020ko lehen Miramongo Matineean
Miramongo Matineen urteko lehen kontzertua egingo dute larunbatean, urtarrilaren 18an, eta “ohikoa ez den” kontzertu batekin emango diote hasiera 2020. urteari. Hain zuzen, perkusio instrumentuak soilik izango dira protagonista, eta Kolpeka izeneko taldeak eskainiko du saioa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hiru perkusionistekin: Anthony Lafargue, Hector Marques eta Igor Arostegi.
Soinuen aniztasuna izena izango du musika saioak, eta besteak beste, Jesus Salvador Chapiren Tendresa, Mark Forden Stubernic eta Iannis Xenakisen Okho obrak izango dira aniztasun horren erakusgarri. Antolatzaileek El espejo de mi alma obra nabarmendu dute, Anthony Lafarguek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusio-bakarlariak konposatutako bakarkako bibrafonozko obra. Gainera, bera arduratuko da kontzertuan lan hori interpretatzeaz. “Aukera polita izango da perkusiozko instrumentuen familia zabala hurbilagotik ezagutzeko. Eszenatoki gainean, lamina-instrumentuak eta perkusio anitzeko set upak ikus ahal izango ditugu, besteak beste”, azaldu dute.
Sarrera solteak 7 euroan salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, “leku librerik geratuko balitz”, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira kontzertuaren egunean. Ohi den bezala, “Miramongo Matineetara eroso joateko”, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatuko da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egingo ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.