San Sebastian eguna dela eta, Dbusek aldaketak egingo ditu bere linea gehienetan, baita gautxoriak indartu ere
Haur eta helduen danborradak direla eta, hainbat aldaketa egingo ditu Dbusek bere autobus linea gehienetan. Hilaren 19an, haur danborrada dela eta, Erdialdeko hainbat kale itxita egongo dira 10:30etik 15:00etara, eta eragina izango du horrek autobus lineetan.
Hain justu, Erdialdetik igarotzen autobusen ibilbideak eta azken geltokiak aldatuko dituzte denbora tarte horretan. Aldaketa horiek guztiak, lineaz linea Dbusen webgunean kontsultatu daitezke. Bestalde, Bulebarreko autobusen azken irteeretan ere aldaketa batzuk egingo ditu Donostiako autobus zerbitzuak, bai San Sebastian bezperan eta bai San Sebastian egunean bertan ere. Era berean, auzo guztietan danborradak kalean ibiliko direnez, hainbat aldaketa egingo dituzte auzo guztietako lineetan, hilaren 17tik 20ra, helbide honetan kontsultatu daitezkeenak.
Gautxoriak
Gautxori linea guztien zerbitzuak areagotuko ditu Dbusek San Sebastian bezperan, eta gau guztian zehar egongo dira, 00:30etik 7:00etara. Ondoren, goizeko 9:00etatik aurrera, jaiegunetako ohiko zerbitzuak izango dituzte lineek, eta gautxoriak egongo dira hilaren 20an ere, 2:00ak arte.