Zaurgarritasun handiko Txernobylgo lau haurrentzako harrera familiak behar dituzte
Txernobylgo zentral nuklearretik (Ukrainia) hurbil bizi diren haurrei inguru ez kutsatuetan egonaldiak egiteko aukera eskaintzen dien Chernobil elkarte euskaldunak laguntza eskatu du. Urteroko moduan, bere kideek han bizi diren umeen egoera aztertu dute, eta lan hori egin ostean, zaurgarritasun handiko zortzi kasu identifikatu dituzte, lau mutilenak eta lau neskenak. Neskek harrera familiak lortzeko erraztasun gehiago izan ohi dutenez, elkarteak lau mutilentzako harrera familiak lortzeko helburuan jarri du arreta osoa.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, osasuntsu hazi ahal izateko, haur hauek urtean gutxienez 40 egunez utzi beharko lukete Txernobylgo eremu kutsatua. Horregatik, elkarte euskaldunak bi hilabeteko egonaldiak antolatu ohi ditu harrera familiekin.
Chernobil elkarteak zehaztu duenez, programan parte hartuko duten haurrak ez daude gaixorik, baina oso egoera latzean bizi dira: etxean ez dute ez txorrotako urik ez diru sarrerarik, eta osasun ahula daukate. Bi hilabetez inguru normalizatu batean bizitzeak eta dieta osasuntsu batekin elikatzeak, ordea, haien egoera asko hobetu dezakeela nabarmendu du elkarteak.
Otsailaren 6an harrera programaren xehetasuna ezagutarazteko bilera informatibo bat egingo dute, 18:30ean, Zarategi pasealekuko Txara I zentroan (Intxaurrondo). Bilerara joan ezin dutenek, berriz, 670419078 telefonora deitu dezakete informazio gehiago jasotzeko.
25. urteurrena
Chernobil elkarteak mende laurdena beteko du aurten, eta urteurrena denbora horretan zehar Euskal Herriko familiengandik jasotako solidaritatea eskertzeko aprobetxatu dute. 1995etik, elkarteak 4.500 harrera baino gehiago egin ditu posible, eta Ukrainiarako hainbat bidaia ere antolatu ditu, hemengo familiek hango egoera ere gertutik ezagutu dezaten.
Urteurrenaren harira, lelo bat ere sortu dute: “Gaur. duela 25 urte bezala, garrantzitsuena osasuna da”.