Egindako lana da benetan distira egiten duena
Hiru elkartek eta bi pertsonak jasoko dute Hiritar Merezimenduaren Domina. Naizen elkarteak haurren transexualitatea ikusarazteko egindako lanagatik jasoko du saria. Hilaren 19an izango da ekitaldia.

«Berezia da guretzat hiriko domina jasotzea. Donostian jaio zen Naizen elkartea, 2015eko martxoaren 8an. Euskal Herriko zortzi familiarekin abiatu genuen gure lana», nabarmendu du Olatz Marcos elkarteko kideak. Azken denboran sari ugari jasotzen ari dira, baina Hiritar Merezimenduaren Domina «bereziena» dela dio Marcosek: «Donostiaren errekonozimendua jasotzeak ilusio berezia egiten digu. Gainera, sari honek ematen duen ikusgarritasuna oso garrantzitsua da».
Bost urtean gauza asko lortu ditu Naizen elkarteak, eta beste hainbeste lortzeko lanean jarraitzen dute. «Duela bost urte oso gutxik ezagutzen zuten gure haurren errealitatea. Urte hauetan guztietan lan asko egin behar izan dugu gure haurren alde, eta gaur egun lortu dugu jende askok jakitea badirela neskak zakilarekin eta mutilak aluarekin», azaldu du Marcosek. Haur transexualek behar duten gauza bakarra «onartuak eta maitatuak izatea» dela gaineratu du. «Hemendik gutxira espero dugu gizarte osoak ulertzea beraien errealitatea. Hau da, berezitasunak dituzten haurrak direla, gainerakoen antzera».
Erakunde publikoen inplikazioa ezinbestekoa dela dio Marcosek, eta hasieratik Donostiako Udalaren laguntza izan dutela nabarmendu du. Era berean, Marcosen ustez erakunde publikoen babesa ezinbestekoa dela uste du. «Gauzak errazten dituzte. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait tokian tokiko erakunde publikoen lana. Pediatra, mediku, irakasle eta hezitzaileak behar dira gure haurren errealitatea egunerokoan txertatzeko». Dena dela, gakoa hezkuntzan dagoela uste du Marcosek: «Ikastetxeetan gure haurren segurtasuna bermatzea da niretzat garrantzitsuena. Hori lortzeko ezinbestekoa da hezkuntza alorrean eragitea. Irakaslegoa hezi behar da, eta ikasleei ere gure haurren errealitatea azaldu eta irakatsi behar zaie».
Lege berri bat
Naizen elkarteak familiekin egiten duen lanari eutsiko dio, eta urtetan egindako lanari ikusgarritasun gehiago ematen saiatuko dira. «Ikusgarritasunak haur bat salbatzeko balio dezake», adierazi du Marcosek. Horrez gain, lehentasun bat du elkarteak: «Trans lege berri bat behar dugu nortasun agirietan ezin delako sexua aldatu, eta zailtasunak daudelako haurren izenak aldatzeko. Lan asko dugu egiteko».
Why Not fundazioa
Buruko gaitzen bat duten pertsonen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten lanagatik jasoko dute domina. 2010ean sortu zuten fundazioa, eta aisialdiarekin loturiko jarduerak antolatzen dituzte. Esaterako, kirol txapelketa ugari antolatu dituzte. Buruko gaitza duten pertsonen isolamendu soziala gainditzeko lan egiten du Why Not fundazioak, eta gaixo horiek gizartean duten irudia aldatu nahi dute.
Bikarte elkartea
Errusia eta Bielorrusiako haurrak harreran hartzeko kanpainak egiten ditu irabazi asmorik gabeko Bikarte elkarteak. 1997an sortu zuten, eta urtero neska-mutil ugari ekartzen dituzte udan Euskal Herriko hainbat hiri eta herritara. Baita Donostiara ere, eta horregatik jasoko dute domina. Gaur egun, 250 bazkide inguru ditu elkarteak. Aurrera begira, harrera familia gehiago behar dituzte egitasmoari jarraipena emateko.
Mintegi eta Rubio
Hiru elkartek ez ezik, bi pertsonak ere jasoko dute domina: Itziar Mintegik eta Jesus Maria Rubiok. Animalien eta Landareen Babeserako Elkartean egiten duen lanagatik sarituko dute Mintegi. Aldiz, alor sozialean egindako lanarengatik jasoko du domina Rubiok. Orona kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun astero joaten da Caritasen Aterpe egoitzara, behar dutenentzat janaria prestatzera.