"Gogotsu gaude festarako"
Realeko futbol eta belar gaineko hockey taldeen lorpenak sarituko ditu Urrezko Danborrak.
Hilaren 20an txiki utziko dute udalbatzar aretoa. Oso pozik daude Maddi Torre (Donostia, 1996) eta Ane Segurola (Getaria, 1998), gainerako taldekideen antzera. San Sebastian eguna elkarrekin ospatuko dute.
Laster izango duzue eskuartean Urrezko Danborra. Zer sentitu zenuten jasoko zenutela esan zizuetenean?
Maddi Torre: Gure taldearentzat, ikaragarria izan da, sekulako poza. Badakigu hiri honetan irabazi daitekeen sari onena dela, eta horrela ospatuko dugu.
Ane Segurola: Hockey taldearentzat errekonozimendu bat da. Ez soilik gaur egungo taldeari, baizik eta egindako ibilbide osoari. Badakigu guk lorturikoa ikaragarria dela, baina gure aurretik egon den jendearengatik lortu dugu hau guztia. Nahiz eta Realeko bi taldek jasoko dugun saria, nire ustez emakumeen kirola sarituko da.
Realeko futbol taldeak belar gaineko hockeykoak baino ikusgarritasun gehiago du. Dena dela, sari honekin biak azpimarratu dira. Garrantzitsua iruditzen zaizue?
M.T.: Noski, sari hau da Realeko emakumezkoen kirolariei eskainitakoa. Klubak maila goreneko futbol eta hockey taldeak ditu, eta biak iritsi gara urruti pasa den denboraldian. Horregatik, jaso dugu saria. Zaila da berriz ere, aurten edo hemendik hamar urtetara, horrelako lorpenak izatea. Aprobetxatu dute, eta bi taldeoi ematea erabaki dute. Niri oso ondo iruditzen zait, eta gainera, bi taldeak maila berean jartzearekin ados nago.
A.S.: Nik ez nuen saria jasotzea espero. Gainera, ni kanpoan egon naiz azken hiru hilabeetan, Erasmus moduko batean AEBetan. Berandu jakin nuen Urrezko Danborrarena. Jaiki nintzen egun batean mezu asko nituen mugikorrean. Inork ez zuen espero. Itzuli naizenean taldekideek esan zidaten ezustekoa izan zela. Oso gustura topatu nituen, donostiarrak, batez ere. Ni ez naiz donostiarra, baina berdin emozionatzen naiz. Egindako lan onaren emaitza da.
Lehen aldia da Urrezko Danborrak emakumezkoen kirola saritzen duela. Zuek izango zarete aitzindariak palmaresean.
M.T.: Niri oso garrantzitsua iruditzen zait kirol taldeak saritzen hastea. Zaila da gure taldekide bati saria ematea. Izan ere, ez da batere erraza talde batean pertsona bat nabarmentzea.
A.S.: Kirol taldeak dira gureak, eta horrelako lehen saria izateak garrantzia berezi duela uste dut. Indibidualki asko lor daiteke, baina taldean akaso gehiago.
Urrezko Danborrak duen garrantziaren jabe zarete?
M.T.: Bai, noski. Nire ama donostiarra da, eta saiatu da beti nahiz eta Sopelan bizi, San Sebastian egunean Donostiara etortzen eta danborrada erakusten.
A.S.: Kuadrillan eta txikitatik bizi izan dut danborrada. Lagun asko ditut oso donostiarrak, eta esan didate ikaragarria dela sari hori jasotzea. Donostiak egiten duen errekonozimendu bereziena da.
Danborradaren batean atera zarete noizbait?
M.T.: Nik ez ditut ikasketak Donostian egin, eta beraz, ez nuen aukerarik izan haur danborradan parte hartzeko.
A.S.: Ni atera nintzen haur danborradan danborra jotzen. Santo Tomas lizeoan ikasi nuen, 8 urte nituenetik, eta behin ateratzeko aukera izan nuen. Nik ez nuen errepikatu, baina esperientzia polita izan zen. Emozioak pil-pilean izan nituen.
Gerora, parte hartu duzue helduen danborradaren batean?
M.T.: Sopelan bizitzen aritu ondoren, 18 urterekin, Espainia aldera joan nintzen, eta San Sebastian egunera etortzeko aukera galdu nuen. Heldua naizenetik gutxitan etorri naiz danborrada ikustera, eta ez dut parte hartu.
A.S.: Txikitako esperientziaren ondoren, ez dut aukerarik izan helduen danborrada batean ateratzeko. Dena dela, lagunak baditut parte hartzen dutenak, eta kuadrillan modu berezian bizi dugu danborrada. Hori bai, bezperan eta San Sebastian egunean jarraitzen ditugu danborrada asko. Antiguakoa, Lizeokoa eta abar ikusteko ohitura dugu.
Eta Konstituzio plazan izan zarete bandera igoera edo jaitsiera ikusten?
M.T.: Aurten izango da lehen aldia. Bandera jaitsieran omenaldia egingo digute, eta oholtza gainera igoko gara. Orain arte ez naiz sekula egon plazan, etortzen ginenean oso txikia nintzelako.
A.S.: Guk kuadrillan normalean parranda ederra egiten dugu. Betidanik izan dugu ohitura afaltzeko eta Konstituzio plazara joateko. Dena dela, iaz esperientzia oso txarra izan genuen. Jende asko zegoen, eta jende-oldeak egon ziren. Larri ibili ginen, eta izan dugun esperientzia zailena izan zen.
Festa oso modu berezian bizitzeko aukera izango duzue, ezta?
M.T.: Larunbatean partida dugu Valentzian, eta autobusez egingo dugu buelta. Igande goizean iritsiko gara Donostiara, eta atseden hartzeko denbora hartuko dugu gauerako. Denok elkarrekin afaltzeko asmoa dugu, eta ondoren, festaren hasieran parte hartuko dugu. San Sebastian egunean Urrezko Danborraren ekitaldia dugu 12:30ean, eta ez dakit denak sartuko ote garen udalbatzar aretoan. Bi taldeak aintzat hartuta asko gara. Ondoren, Antiguako Istingorra elkartean bazkalduko dugu jokalari hainbatek. Gauean, berriz, harrera egingo digute bandera jaitsieran. Gogotsu gaude festarako. Gu gara protagonistak, eta nire ustez, beharrezkoa da jendeak gu ikustea festan parte hartzen eta gozatzen. Esker onez erantzun behar diogu udalaren partetik jasotako errekonozimenduari.
A.S.: Kuadrillan ospatu izan dudan moduan, taldekideekin bizitzeko aukera izango dut. Gainera, Nereba Belzunegi eta Maider Altuna gure taldeko bi kapitainak aterako dira Gaztelubide danborradarekin. Ikustera joango gara.
M.T.: Gure taldetik, berriz, Sara Olaizolak eta Iraia Iparragirrek parte hartuko dute Gaztelubiderekin. Noski, guk ere jarraituko ditugu gure taldekideak.
Saria jaso ondoren, danborradaren batean ateratzeko gogoa piztuko zaizue?
M.T.: Ni aterako naiz, noizbait. Gure bizitza, ordea, nahiko aldrebesa da egutegi aldetik, eta datorren urtean data hauetan ez dakigu non egongo garen. Asteroko plangintza dugu, baina hilabete barru non egongo garen jakitea ez da erraza.
A.S.: Aurten ez naiz aterako, nahiago dudalako kuadrillarekin danborraden atzetik ateratzea. Dena dela, aurrera begira, ez dut inolaz ere baztertzen ni ere danborradaren batean ateratzea danborra jotzen.
PALMARES BEREZITUA
1967an sortu zen Urrezko Danborraren saria, eta ordutik hona aldaketa asko izan ditu araudiari zein prozedurari dagokionez. Urtez urte, pertsona hainbatek, pertsona bakarrak eta kolektiboek jaso dute.
Kirol alorreko sarituei dagokienez, hona hemen esanguratsuenak:
- 1976. Rafael Cavero, Atletismo Federazioko presidentea.
- 1990. Emil Zatopek atleta.
- 1991. Marino Lejarreta ziklista.
- 1993. Frantziako Tourra.
- 2000. Jose Mari Olazabal golf jokalaria.
- 2009. Iñigo Olaizola (Donosti Cup).
- 2011. Xabi Alonso futbolaria..
- 2012. Fortuna K.E., Behobia-Donostia lasterketarengatik.
- 2013. Donostiako Txirrindularitza Klasikoa.
- 2018. Richard Oribe igerilari paralinpiarra.