Kondoiak, militarren aurka babesteko
1998ko martxoan, ekintzaile antimilitarista batzuk Loiolako kuartelera sartu ziren eta kanoien puntan oihalezko kondoi erraldoi batzuk jartzea lortu zuten, "Armadaren aurka, babes zaitez" mezuarekin. Gerora, diktaduraren osteko lehen epaiketa militarra egin zieten ekintzan parte hartu zuten bost gazteei.
Goiz hartan, Gipuzkoako talde antimilitaristek manifestazio jendetsu bat egin zuten Donostian, protesta Loiolako kuarteleko sarreraraino eramanez. Militar guztiek hor edukiko zuten jarrita begirada, haietako inor ez baitzen Urumea ibaitik hurbiltzen ari zitzaienaz jabetu. Txalupa batera igota, bost ekintzaile kuarteleko harresiraino iritsi ziren, eta, eskailera luze bat erabiliz, haietako hiruk esparru militarrera sartzea lortu zuten. Soldaduak haiengana iritsi aurretik, kuarteleko kanoiak oihalezko kondoi batzuekin estali zituzten, eta gero horietara kateatu ziren.
Militarrek berehala atxilotu zituzten, baita kanpoan geratu ziren bi lagunak ere, eta bi orduz kuartelean atxikita eduki ostean, Ertzaintzak Antiguako komisaldegira eraman zituen. Hortik ia bi urtera, frankismoaren osteko zibilen aurkako lehen epaiketa militarra egin zieten gazteei, eta baita bost hilabeteko espetxe zigorrarekin kondenatu ere, instalazio militar batera indarrez sartu izanagatik.
Epaiketan adierazi zutenaren arabera, ekintzaileen helburua armadari ematen zitzaion diru publikoa helburu sozialetara bideratu zedila eskatzea zen. Haien eskaria ez zen bete, baina ekintza hura intsumisoen mugimenduak garai hartan Euskal Herrian zuen indarraren islatzeko balio izan zuen.
1998an, Hegoaldeko mila gazte baino gehiagok intsumiso izateko hautua egin zuten, eta lurraldeko auzitegiak gainezka egon ziren haien aurkako prozedurengatik. Presio sozialari esker, 2001ean, Espainiako Gobernuak nahitaezko soldadutza indargabetzea erabaki zuen, ordura arte intsumisoen aurka espetxe zigorrak eta heriotza zibila erabili ostean.