"Konpainia bat sortzea uste baino errazagoa iruditu zaigu"
Jai giroak hazkunde nabarmena izango du aurtengo San Sebastian egunean. Izan ere, astelehenean bost konpainia berri aterako dira hiriko kaleetatik upelak eta danborrak astintzera. Aitor Lozano (Donostia, 1982) eta Izaskun Harina (Donostia, 1980) Grosetik irtengo den ‘Anaiak Hirian’ konpainiaren sortzaileetako bi dira, eta Sergio Dean (Donostia, 1999), berriz, Aieteko ‘14 gurutze’ konpainiako kidea da.
Zer nolako buruhaustea izan da konpainia bat sortzea?
Aitor Lozano (A.L.): Batik bat agiriak betetzea izan da lana. Ordutegiak arazo dezente eman dizkigu, Gros jada beteta zegoelako, baina azkenean moldatu gara gure tartetxoa egiteko.
Izaskun Harina (I.H.): Uste genuena baino errazagoa iruditu zaigu, erakundeetatik asko lagundu gaituztelako.
Sergio Dean (S.D.): Ni ere ados nago horrekin. Guk zailtasun gehiago izan ditugu jende kopuruarekin eta kontu ekonomikoekin. Gainera, txaranga bat lortzea ezinezkoa egin zaigu, egun horretarako denak hartuta zeudelako. Azkenean, Madrilgo banda bat kontratatu behar izan dugu gurekin jotzeko.
(I.H.): Egia da lehenengo urtean gastu asko pilatzen zaizkizula: txaranga, trajeak, materiala, bandera… Hori guztia erosteko sekulako dirutza bildu beharra dago.
Eta zerk eraman zaituzte, bada, halako porru batean sartzera?
(A.L.): Lagunen artean urte asko generamatzan danborrada bat sortzearen ideiari bueltak ematen, eta aurten animatu egin gara. Hasieran, jendeak erotzat jo gintuen, baina gauzak aurrera joan dira pixkanaka. Elkarte bat sortuz hasi ginen, eta, azkenean, honaino heldu gara. Orain auzoko hiru kuadrillak osatzen dugu konpainia, gutxi gorabehera.
(S.D.): Gu ere erotzat jo gintuzten ingurukoek, baina gogo asko geneuzkan hau egiteko. Eta, gauzak forma hartu ahala, gero eta lagun gehiago joan ziren animatzen. 40 bat izatera iritsi ginenean, Elgoibarko danborradan parte hartzen duten lagun batzuekin hitz egin genuen eta haiekin osatu genuen konpainia.
Nondik datoz zuen konpainien izenak?
(S.D.): Guk harreman berezi bat dugu Abuztuak 31 elkartearekin, eta 1813ko gertakariekin zerikusia zuen izen bat aukeratu genuen horregatik. ‘14 Gurutze’ izena Wellingtongo dukeak Donostiara iritsitakoan ikusi zituen egurrezko hamalau gurutzeengandik dator.
(I.H.): Bueno, gure izenaren jatorria asko sinpleagoa da [barrez]. Guk anai-arreben arteko sentimenduari egin nahi genion erreferentzia, konpainian parte hartuko dugun guztiok gertuko lagunak garelako. Izena ez da hain historikoa, noski, baina polita iruditu zitzaigun, gure taldea ongi definitzen duelako.
Zein ibilbide jarraituko duzue San Sebastian egunean?
(A.L.): Gu 15:00etan abiatuko gara San Frantzisko kaletik, osasun-etxearen ondotik, eta gero Txofre plazara joango gara. Hortik, Manteo eta Saguesera mugituko gara, eta, ondoren, Zurriola hiribidea hartuko dugu eta Kondarrak elkartean amaituko dugu ibilbidea.
(I.H.): Egia esan, ez dugu aukera handirik izan, auzoan geratzen zitzaigun ibilbide posible bakarra hori zelako.
(S.D.): Guk errazago izan dugu hori, azken finean, Aieten soilik bi danborrada gara, eta auzotik pasatzeko baimena trabarik jarri gabe eman digute horregatik.
Basoerdi parketik aterako gara, 17:00etan, eta Erdialdetik pasatuz, Aldapetako galtzadara iritsiko gara. Hortik igota, Aiete pasealekua jarraitu eta Muntoraino joango gara, eta amaitzeko, berriz, Aldapetara bueltatuko gara, gure elkartea hor dagoelako.
Zuena, Sergio, Aieteko konpainia bakarrenetakoa izateaz gain, hiriko gazteena ere bada, ezta?
(S.D.): Hori da Donostia Festakekoek esan zigutena, bai. Batez beste, 20 eta 25 urte bitarteko lagunek osatzen dute gure danborrada.
(I.H.): Gure konpainia ez da hori bezain gaztea, ez… Ez iezaguzu batez besteko adinagatik galdetu [barrez].
Sorpresaren bat prestatu duzue ibilbiderako?
(I.H.): Prestatu ditugun gauzak sorpresak direnez, egun horretarako gordeko ditugu. Sentitzen dugu!
(S.D.): Guri ideia ona iruditu zitzaigun Aldapeta igotzeko unean lastargi batzuk piztea. Gauza sinplea, da baina hor argi gutxi egongo denez, nahiko polita geratu daitekeela uste dugu.
Eta hau guztia antolatzeak merezi al du? Zer da San Sebastian eguna zuentzat?
(A.L.): Donostiako festarik handiena da, besterik gabe. Eta, bai, merezi du.
(I.H.): Azken finean, gure festa da, donostiarrona.
(S.D.): Hala da, eta, zalantzarik gabe, merezi du. Egun horretan, egiten duen eguraldia egiten duela, kalera aterako zara. Nik behintzat atera egin behar dut, niretzat zirrara handiko egun bat delako. Eta askok, gainera, urte guztian zehar itxaroten dugu.
Konpainia berriekin, ordea, ardura puntu bat ere baduzue orain.
(I.H.): Beste danborrada batzuetan ateratakoak gara eta, bai, uste dut aurten ardura gehiago izan beharko dugula. Baina, agian, soilik urduritasun kontua da. Nork daki. Hala ere, ziur nago azkenean ederki pasako dugula, urteroko moduan.