Nahikoa entseatu dute
Haur danborradez gain, guztira 152 konpainia aterako dira astelehenean hiriko kaleak jai giroz kutsatzera. Azken asteetan entseguetan murgilduta ibili ostean, ikusi beharko da zer moduz moldatuko diren makilekin batzuk hiruzpalau trago hartu eta gero. Agian, hobe izango litzateke entseguen aurretik poteoa ere apur bat lantzea.
Argazkian, Ibaetako danborradaren entsegu bat. Auzokoak adituak dira, makilekin zein poteoan, eta etxeko lanak ongi eginda iritsiko dira San Sebastian egunera. Konpainian upela jotzen dutenak gehiegi direnez, aldiro irudiko oholak erabiltzen dituzte entseatzeko, upelak atera eta gero jasotzea astunegia omen delako. Energiak festarako gordetzeko estrategia, agian? Egurra emango duten seinale.