"Tabernetan jotzea oso erromantikoa da, baina gero, errealitatea beste bat da"
Azken diskoa, ‘Existentzia minorrak’, piano hutsez egin du, eta hala igoko da Viktoria Eugenia antzokiko agertokira, Steinway isats pianoa lagun soil. Gogotsu dago hilaren 24a iristeko, pieza berriak jotzeko.
Zergatik aukeratu duzu Moto Club taberna?
Hor aurrean bizi naiz, eta hau da inguru honetako tabernarik arruntena. Hau da benetako taberna bat, auzokoa. Peña y Goñi kalean ireki dituztenak oso pijoak dira, eta giro oso…. [muturra okertu du].
Ez zara gustura sentitzen horietan?
Ez. Lagunekin geratzeko eta elkarrizketak egiteko eta, hona etortzen naiz.
Atal honetara gonbidatu zintudanean, aitortu zenidan ez zenuela aperitiboa hartzeko ohiturarik.
Ez, eguerdian ez dut gustuko. Gauean nahiago dut. Halere, joan behar badut, salda bat gustura hartzen dut. Hori neguan, eta udan, sagardo freskoa.
Taberna batean jo al duzu inoiz?
Duela 25 edo 30 bat urte, Altxerri eta Be Bop artean sortu zen jazz zirkuitu hartan jotzen nuen. Jazz sukarra sartu zitzaidan, eta ia astero jotzen nuen, baina garai hura izan zen, hiruzpalau urte, gutxi gora behera. Ondoren, utzi egin nuen. Tabernetan jotzea oso erromantikoa da, baina gero, errealitatea beste bat da. Jendea tragoak hartzen ari da. Baladaren unea iristen zenean, guk neurtu nahi genuen doinua, erritmoa, isiltasuna… Eta jendeak aprobetxatzen zuen hitz egiteko. Tabernetan dabilen jendearentzat, musika da giroan dagoen zerbait, eta nik, musika egiteko eta entzuteko, nahiago dut antzoki bat edo auditorio bat, non publikoa isilik dagoen, eta joaten den benetan entzutera.
Viktoria Eugenian grabatu duzu azken diskoa, askotan jo izan duzu han, eta ikusle fidela omen zara.
Etxeko bigarren egongela bihurtu da. Antzokira zein klubera joaten naiz. Klubean, Jazzalditik kanpo, oso kontzertu interesgarriak programatzen dira: jazz klasikoa, abangoardiakoa… Oso areto abegikorra eta zoragarria iruditzen zait. Musikariak bi metrora dituzu, eta entzun eta ikusten dituzu oso gertu, aukera oso polita da hori. Gainera, oso jende gutxi joan ohi da. Hori Jazzaldian ez da gertatzen, jendea erruz doa.
Eta musikari moduan, nolako oroitzapenak gordetzen dituzu?
Talde askorekin jo dut Viktoria Eugenian. 1994an, Duncan Dhurekin grabatu nuen; 2008an, Mikel Erentxunekin. Bide Ertzeanekin eta Imanolekin jo dut, baita Amateurrekin eta Mikel Errazkinekin ere. Eta gure azken diskoa ere [Rafa Berriorekin argitaratu zuen], Adios a la bohemia, han aurkeztu nuen. Oso oroitzapen ona dut. Lehen zatian, egin nuen solo bat pianoan, ordu erdikoa. Izugarri gozatu nuen: teatroaren soinua, pianoarena, isiltasuna… Desiatzen nago disko berria aurkezteko kontzertu hau egiteko; asko gustatu zitzaidan lekuaren akustika, nola entzuten zen pianoa.
Pianista batentzat, nolakoa da agertokira bakarrik igo, eta pianoaren aurrean, aretoaren isiltasuna haustea?
Piano hutsezko kontzertu batean isiltasuna asko entzuten da, eta nota bakoitzak bikoitza balio du. Isiltasun mota asko daude. Lehen notatik nabaritzen duzu publikoaren isiltasuna nolakoa den, eta, bueno, bertigo pixkat ematen du hasieran, baina lehen minutuak pasata, gozamena da. Halako leku bat, akustika horrekin, piano horrekin, eta etxean…
Isiltasun asko daudela esan duzu. Nolakoak?
Beti dago zarataren bat, eta horregatik esan dut isiltasun mota asko daudela. Eztulak, aulkien zarata, jendearen arroparena… Publikoa oso kontzentratuta dagoenean, ordea, isiltasuna erabatekoa da. Inor ez da eztulaz akordatzen. Aldiz, zarata dagoenean, esan nahi du transmisioa ez dela eman, ez duzula oraindik konektatu erabat publikoarekin. Eta hor, gehienbat, ardura, musikariarena da. Eta bueno, hori, piano hutsez ari zarenean, asko nabaritzen da.
Diskoaren izena David Lapoujade filosofo frantsesaren ‘Les existences moindres’ saiakeratik hartu duzu; agerian egon ez arren, existitzen diren gauza horiek erreferentzia moduan hartuz.
Bere saiakera irakurri nuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Banatzen ditu existentziak hainbat multzotan, eta batzuk dira existentzia minorrak. Ikusi eta ezagutzen ez ditugun horiek dira, ezkutuan daudenak. Eta berak dio, horrexegatik, potentzialitate handiagoa dutela. Guk mahai hau badakigu nolakoa den. Marroia da, egurrezkoa da, baina sotoan dagoen mahaia ez dakigu nolakoa den, eta agian hau baino askoz hobea da. Gero esaten du, artistak izan behar duela gauza minor horien abokatua. Artistak beti bilatu behar duela harago, ez lehen planoan dauden gauzena, eta gauza ahulen abokatu bihurtu behar duela. Iruditzen zitzaidan, halako disko batentzat, autoeditatua, managerrik gabe, zigilurik gabe, eta bakarrik egindakoa, oso izen egokia zela. Disko hau existentzia minor bat da, baita piezak ere bai.
Etxean konposatzen duzu?
Bai, bere garaian erabaki nuen etxean pianoa eta estudioa izatea.
Ervitin erosi al zenuen pianoa?
Bai, nik izan ditudan hiru pianoak han erosi ditut. Ikasketetako partitura guztiak ere bai; nik eta ikasle guztiok. Garai batean behintzat, handik pasatzen ginen musika ikasle guztiok. Denda ixtera doazela jakin dudanean, denboraren joana etorri zait burura, eragiten diona honi eta gauza askori.
Pianoaz gain, beste musika tresnarik ba al duzu?
Gitarra akustiko bat dut, eta… txistu bat, baina hor dago, tiradera batean. Hura izan zen nire lehen musika tresna. Nire lehengusuak laguntzeko eskatu zidan. Hark handik hilabetera utzi zuen, nik jarraitu nuen, eta handik urtebetera utzi nuen. Solfeoa ikasi nuen, eta ondoren pianoa hartu nuen. Laugarren mailan nintzela, nire irakaslea prestatzen ari zen pianoaren zortzigarren maila. Chopinen Revolucionario jotzen ari zen, estudio apasionatu bat. Hura entzun, eta pentsatu nuen, ‘nik hau nahi dut’.
Zure txio batean irakurri dut aurten ere zure pieza bat erabili dutela lehendakariaren Gabonetako mezuan. Harrituta?
Ustekabean harrapatu nau bigarren aldiz. Gainera, aurten, gripeak jota negoen etxean, eta bat-batean, telebistaren aurrean, berriz, nire musika. Disko bereko beste pieza bat jarri zuten, trioaren diskokoa, duela 8 urtekoa. Ez nuen inoiz imajinatu nire musika horrelako saio solemne batean; horrelako nahasketa bat: lehendakaria eta nire musika.
Aipatu al zintuzten saioan?
Ez… Ez zidan molestatu, baina uste dut baimena eskatu behar zidatela, ez da edozer gauza. EAEko lehendakariaren mezua da. Okerragoa izango litzateke alderdi batek egingo balu. Hau gobernua da, gauza ofiziala, baina, halere, baimena eskatu behar zidatela uste dut.
Donostian egin duzun lehen kontzertua gogoratzen duzu?
Lehen kontzertua edo [barrez], Ramon Agirrerekin eta Agustin Arrazolarekin izan zen. The Silver Duet Show egin genuen. Golden Apple Quartet hasi baino apur bat lehenago. Agustinek eta Ramonek beltzen espiritualak kantatzen zituzten eta nik pianoa jotzen nuen. Gogoan dut San Bartolomen El Local izeneko areto bat zegoela, eta han izan zela estreinaldia.
Zure spotify zerrenda begiratuko bagenu, zein musika mota aurkituko genuke?
Uste dut inoiz baino musika gehiago entzuten ari naizela. Azken diskoak, Bill Frisell gitarra jotzailearenak. Jazz musikaria da, baina bada musikari bat beti mugan dagoena, oso interesgarria.
Nire klasikoetara beti bueltatzen naiz: The Beatles, Genesis, Simon and Garfunkel, Xabier Lete eta Peter Gabrielen Genesis. Frank Sinatraren 1960ko diskoak entzuteko ere aprobetxatzen dut, baita Aretha Franklinen edozer gauza. Sekulako tresna da Spotify, asko erabiltzen dut. Batez ere disko zaharrak berriro entzuteko balio du, ikusteko nola entzuten diren gaur egun. Adibidez, duela hilabete batzuk Supertramp entzun nuen. 40 urte entzun gabe, berriro entzun nuen diskografia guztia, eta bitxia da konparatzea nola entzuten duzun musika txikitan, eta orain. Eta nola musika batzuek galbahea pasatzen duten, eta beste batzuek ez. Oso ariketa interesgarria da.
Grosen bizi zara orain, baina Loiolakoa zara, ezta?
Bederatzi urte daramat hemen bizitzen, baina Loiolan bizi izan naiz beti. Atzo [joan den igandean], Herri txiki, infernu handi ikusi nuen, eta Loiolari buruzkoa izan zen. Bitxia da nola hauek ematen dioten buelta auzoari, alde dibertigarriena eta positiboena erakusteko.
Aldaketa handia izan zen Grosera joatea bizitzera?
Loiolan baino, bizitza gehiago egiten nuen hemen eta zentroan, eta bai, oso desberdina da. Bitxia da nola aldatzen den giroa hemendik bi kilometrora. Eta zer esanik ez bost kilometrora, Astigarragan. Kilometro gutxian asko aldatzen da dena.
Nor gonbidatuko zenuke atal honetara?
Ramon Agirre. Oso pertsona interesgarria da. Eta beste bat emango dizut: Ramon Saizarbitoria.
HAMABIETAN BERMUTA. Salda
Non. Groseko Moto Club taberna.
Prezioa: 2,50 euro.