Xua eta bere gurasoak etxeratzeko aldarrikapenak hartuko du Atano pilotalekua

Espetxe legediak hala aginduta, Xuak Usurbilera joan beharko du, amonarenera, gurasoak Valentziako Picassent kartzelan utzita. Hain zuzen, igandean, urtarrilaren 19an Xuak hiru urte beteko ditu, eta, ondorioz, espetxetik atera beharko du. Sare herritarrak ekitaldi berezi bat antolatu du egun horretarako, Xuaren urtebetetzea ospatzeko, eta haur motxiladunen egoera salatzeko. Guraso bat edo biak espetxean dituzten haurrak izango dira jaialdiko protagonistak, eta haiekin izango da Porrotx pailazoa.
Motxilak gora izena jarri diote jaialdiari, eta 11:30ean hasiko da, Atano pilotalekuan. “Haurrek urteak betetzen dituzten eguna pozgarria, koloretsua eta alaia izaten da. Hortxe aritzen dira txikiak euren urtebetetze egunerako falta diren loak ilusioz eta urduritasunez kontatzen. Xuaren hirugarren urtebetetzeak, ordea, badu berezitasun handi bat”, adierazi dute Sarekoek.
Egitasmoaren aurkezpena egin zuten atzo Atano pilotalekuan, eta han izan ziren, besteak beste, Porrotx eta Maider Zabalegi musikari eta haur motxiladun izandakoa. “Igandetik aurrera Xua motxiladun haur bilakatuko da, eta gurasoekin hilean behineko bisitetan soilik egon ahal izango du. Horretarako gainera, Usurbildik Valentziarainoko 600km-ko bidaia luzea, arriskutsua, aspergarria eta garestia egitera behartuko dute”, azaldu zuten.
Gaur egun hemezortzi urte arteko 102 motxiladun haur-nerabe daude Euskal Herrian, eta Sarek “konbentzimendu osoz” aldarrikatu du “garaia dela eta posiblea dela motxila horien zamarekin bukatzeko”. Horretarako, uste dute gakoetako bat dela euren gurasoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak eta salbuespen legedia bertan behera uztea. Olatz Lasagabaster y Patxi Uranga presoak dira Xuaren gurasoak, eta Sarek jakinarazi du biak etxean egoteko, nahikoa izango litzatekeela legedia betetzea: “Legedi arrunta aplikatuta posiblea baita baldintzapeko askatasunean Xuarekin batera etxeratzea, biek zigorraren hiru herena beteta dute eta”.
Ekitaldirako sarrerak salgai dira Sare Herritarraren webgunean, sei euroren truke. Egunean bertan ere erosteko aukera izango da, zortzi euroan.