Donostiako merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaroetako izen-ematea irekiko dute
Donostiako merkatariei eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaroak antolatu ditu udaleko Euskara Zerbitzuak eta hiriko merkatarien eta ostalarien federazioak. Otsailetik ekainera egingo dituzte 60 orduko ikastaro espezifikoak, eta hilaren 22tik 31ra egongo da zabalik izen-ematea. Konstituzio plazako Euskara Zerbitzuan, bakoitzaren elkartean eta Euskara Zerbitzuaren webgunean eman daiteke izena.
Bi ikastaro mota egingo dituzte: I Modulua eta Jarraipen Moduluak. Biak ala biak 60 ordukoak izango dira, eta 60 euroko prezioa izango dute. Lehenengoan, zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio gaitasuna landuko dute. Bigarrenean, aldiz, hizkuntza oinarriak eta edukiak finkatzen eta osatzen joango dira ulermenerako nahiz komunikaziorako gaitasuna hobetzeko. Hitzez, Ilazki, Aek, Legazpi 6, Urumea eta Urrats euskaltegietan egingo dituzte ikastaroak.