San Martin kaleko mozketen inguruko kanpaina abian jarri du udalak
Metroaren lanak direla eta, otsailaren 1etik aurrera San Martin kalea itxita egongo da ibilgailu pribatuentzat, Artzain Onaren katedralaren inguruan. Hori dela eta, Donostiako Udalak informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian, ibilgailu horien erabiltzaileek ordezko garraiobideak gomendatzeko.
Ohitura aldaketa txikiak, hiria hobetzeko bidean da kanpainaren leloa. “Hiritarrak eta bisitariak bultzatu nahi dira beren garraio-ohituretan aldaketa batzuk egitera hiriaren erdigunean zehar ibiltzeko”, azaldu du udalak. Era berean, gogorarazi dute “alternatiba jasangarriagoak eta azkarragoak” daudela; bizikleta, trena eta oinez joateko aukera. Kanpaina prentsan, irratietan, sare sozialetan eta kaleko beste euskarri batzuetan egongo da –esaterako, autobus geltokien markesinetan–.
Bigarren fasea hastear
Metroaren lanek Erdialdean eragindako afekzioen lehen fasearen eraginez, San Martin kaleko bide bat moztuta egon da, baina zirkulazioari irekita. Bigarren fasea da otsailaren 1etik aurrera hasiko dena, eta uztailaren 15era bitarte luzatuko da. Epe horretan, San Martin kaleak bide bakarra izango du Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, eta bakarrik garraio publikoak, larrialdietarako ibilgailuek, taxiek eta motorrek erabili ahal izango dute. Aldi berean, bigarren fasean San Martin kaleko Artzai Onaren Dbus eta Lurraldebuseko geltokiak aurrerago jarriko dira.
Hirugarren fasea, berriz, uztailaren 15etik 2021eko uztailera bitartekoa izango da. San Martin kalea guztiz itxiko da Urbieta eta Hondarribia kaleen artean. Epe honetan, ibilgailu pribatuentzako eraginak aurreko fasearen berberak izango dira, eta aldiz, garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak Easo kaletik joango dira Askatasunaren Hiribideraino. Han izango dituzte San Martin kalean kenduko diren geltokiak.