Bidebietako kiroldegiko gimnasio berriak bi solairu ditu
Pasa den ostiralean ireki zuten Bidebietako udal kiroldegiko gimnasio berria. 100 metro koadro gehiago ditu, eta bi solairutan banatuta dago. Egindako lan eta hobekuntzen gastua 240.000 eurokoa da.
Gimnasioaren berritzearekin, lan aerobikoa eta muskulazioa bereizi ahal izan dira. Hala, beheko solairuan muskulazioko gimnasioa jarri da. Makina guztiak berritu dira, eta entrenamendu funtzionaleko zein pisu libreko beste zona bat jarri da. Goiko solairuan, berriz, lan kardiobaskularrerako gimnasioa dago, eta makina berri batzuk ere jarri dira (korrika egiteko zinta, eliptikoak…). Gainera, solairu honetan indoor zikloko gela ere badago. Ikastarorik programaturik ez dagoenean, gimnasioko erabiltzaileek ere erabil dezakete.
Guztira, Bidebietako gimnasioak 490 metro karratu ditu, eta azalera handieneko hirugarren lekuan dago, Bentaberriren eta Paco Yoldiren atzetik. Bestalde, udal gimnasioen artetik Kirol Txartelaren erabiltzaile gehien dituenetako bat da. Iaz, 140.000 erabilera izan zituen, batez beste, 400 pertsona egunean.