Gordegiak mapa interaktibo bat sortu du, desagertutako leku eta eraikinak erakusteko
Joan den azaroan aurkeztu zuten Gordegia, Egiako artxibategi grafikoa, eta iragarri bezala, argazki eta bideoak biltzeaz gain, auzoaren historia berreskuratzeko beste egitasmo batzuk ere sortu dituzte. Hain zuzen, Juanpe Urrosolo Gordegiko kidearen lana jarri dute ikusgai webgunean, auzoan desagertutako leku eta eraikinak erakusten dituen mapa interaktiboa.
Mapak maila dituela azaldu dute:
- Padura eta hondarren muga: Urumea ibaia eta hondarrak noraino iristen ziren.
- Errekak: Eraiki aurretik zeuden errekak. Horietako batzuek auzoaren muga markatzen zuten.
- Bideak: Garai bateko bideak. Batzuk desagertu dira, eta beste batzuk bat datoz orain daudenekin
- Lekuak: Batez ere, desagertutako leku eta eraikinak, baina oraindik zutik dauden baserri historiko gutxi batzuk ere agertzen dira.
Mapak bi aukera eskaintzen ditu: leku guztiak batera ikusteko aukera, eta banaka ikusteko aukera. “Garbiago ikusteko, guk banaka ikustea gomendatzen dugu”, azaldu dute Gordegikoek. Guztira, 100 puntu baino gehiago bildu dituzte mapan, eta bakoitzean klikatuta, gune horren argazkia eta informazioa irakur daiteke.